[HISTORIAREN ISTORIOAK] Bandoen arteko gerrak Aiaraldean

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko eka. 11a, 14:26
Ilustrazioaren egilea: Aimar Gutierrez

Erdi Aroan makina bat gerra egon ziren bandoen artean. Oinaztarrena eta Ganboatarrena da Euskal Herrian ezagunenetako bat, baina Aiaraldean ere egon zen familia eta baserrien arteko hamaika guda. Izan ere, aberastasun eta boterearen sinonimo ziren lur edo baserrien jabetzak.

Nekazaria izan da orain dela gutxi arte Aiaraldea. Historian atzera eginez, baina, aurrera egiteko modu ezberdinak gailendu dira: batzuk elkarrekin borrokatzea erabaki zuten, eta beste batzuek elkarren artean. Horren adibide dira idazkietan ageri diren familien arteko talkak, Anuncibay eta Ugarte sendien artekoak, kasu. Orozkoarrak ziren Anuncibaytarrak, eta Laudiokoak Ugartearrak. Dena dela, bandoen arteko borrokaldi ugari egon arren, zorionez, ez ziren familia guztiak mutur-joka bizi. XVI. mendeko idazkien arabera, nekazari xume eta xehe askoren bizileku zen harana. Boteredunek zein baino zein izateko liskarretan ziharduten bitartean, bandoen arteko gerrak bukatzeko akordioak bilatzeari ekin zioten herritarrek.

Horren adierazle da 1490eko abuztuaren 8an Saraubeko Mahaian egin zuten ekitaldia. Batzar Nagusia deitu zuten egun horretan Sarauben, eta goi kargudunak, Kontzejuak eta “escuderos fijosdalgos” (hala dago idatzia dokumentu ofizialetan) elkartu ziren. Bilkuran hartu zuten parte, besteak beste, Pedro de Ayala jauntxoak -Gaztelako politikan oso garrantzitsua zen- akordioak haraindikoa izan nahi baitzuen. Aiaraldean bezala, Euskal Herrian zein Espainian areagotzen ari ziren bandoen arteko gerrak, eta aferari amaiera emateko neurriak proposatu zituzten Espainiako Errege Katolikoek. Herritar gehienak bat zetozen egoera baretzeko beharrarekin, gizateriaren etengabeko gehiegikeriaz nazkatuta baitzeuden.

Ez zen 1490eko hitzarmena izan hartu zen neurri bakarra. Urte batzuk lehenago eratu zen Arabako Ermandadea, 1463an, familia nagusien gehiegikeriak mugatzeko asmoz.

Pedro de Ayala eta Aiarako Lurretako bizilagunen arteko akordioa izan zen Saraubeko hitzorduaren emaitza. Hitzarmenak indarkeria ekintzak debekatzen zituen, baita alderdikeria eta bandoen arteko planteamenduak ere. Manifestua sinatzean presente zeuden Martin Fernandez de Mendibil Ermandadeko alkatea, Juan Lopez de Sojo merinoa, Juan Ortiz de Saratxo eta Pedro Sanchez de Lexarzo prokuradoreak, Iñigo Fernandez de Ugarte eta haren semea, Iñigo Lopez de Retes, Lope Ortiz de Retes, Juan Lopez de Robina, Diego de Landa, Martin Lopez de Añes, Juan Sanchez de Aldama edo Juan Ortiz de Albiturri.

Pentsatzekoa denez, denek ez zuten begi onez hartu akordioa. Murgatarrek, esaterako, Perea eta Ibarguen sendien aurka jotzen jarraitu zuten. Hari luzea du istorioak, 1328an bataila bat egon baitzen Landetan: Murgarrak galtzaile izan ziren borrokaldian, eta atakan hil zen Sancho izeneko herritar bat, Murgako elizaren aldamenean.

Ez zioten baina, horregatik, borrokatzeari utzi, Murgarrek Perearrak eta Ibarguendarrak garaitu zituzten eta. Hori dela eta, Perearrek bandoen arteko gerrak abiatu aurretik alde egin zuten Aiarako lurretatik. Hala ere, bereak eta bi egin zituzten: 1350ean Diego Fernandez Ospina de Ugarte erail zuten Astobizako dorrean, Larrinbeko elizan. Aldi berean, Mendibil de Murga familiak Pedro Ospina akatu zuten, Mariakarra.

Astobizako Ugartearrak ere sarri agertzen dira bandoen arteko gerren dokumentuetan. Hortuño de Murga Lantenoarrak ere ez zuen errespetatu Saraubeko ituna, eta makina bat tirabira eragin zituen; Oribe-Salazarreko dorrean Tristan de Oribe eta haren hiru semeen aurkako erasoaldia, kasu. Ez zitzaien gerra debalde atera, ordea; haien etxea Aiarako jauntxoak suntsitu baitzuen.

Laguntzarik izaten al zuten? Jakina! Bandoen arteko gerrak aliantzen bidez egiten zituzten, Murgarrak, esaterako, Anuncibaytarren aliatuak ziren. Askotan izan zituzten etsai Mariakarrak, Laudioko Ospina de Ugartetarren sendi eta aliatuak. Hamaika heriotza eragin zituen elkarren arteko gudak. Baina maitatzeko tartea ere ekarri zuen, datuen arabera, Ugartetar bat Murgatar izatera igaro zen oinordekoarekin ezkondu ostean eta, abizena aldatuta.

Luzea da Aiaraldeko “errebeldeen” zerrenda: Fernando Ochoa de Orue, Okondoko Juan de Ugarte, Hortuño de Ibarrola, Juan Ortiz de Ibarrola, Martin de Aldama eta Iñigo Martinez de Ugarte eskribauak... Talkak talka eta kontuak kontu, Saraubeko itunari esker baretu ziren erasoaldiak. 1508eko Aiarako ordenantzetan aipatzen denez, familiek armak beharrean, lege bidea hartzeari ekin zioten. Horregatik, XV. mende amaieratik aurrera, garrantzia handia hartu zuten eskribauek, helegiteak eta alderdien eskaerak ugaritu baitziren.

Informazioa: Aketza Merino

Erredakzioa: Izar Mendiguren Cosgaya

Ilustrazioa: Aimar Gutierrez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide