[UDARIKLIK] Postal lehiaketa abian

Erredakzioa 2017ko uzt. 13a, 11:09

Parte hartu hemen klikatuta.

"Udari klik!" postal lehiaketa aurkeztu du Aiaraldea Hedabideak, erabiltzaileen esperientziak euskaraz partekatzeko. Irailaren 21 arte egongo da lanak aurkezteko epea. Sei kategoria edo sari egongo dira, eta partaideen artean Europara asteburuko bidaia zozketatuko da.

Oinarriak

Parte hartzeko nahikoa da argazki-kamerarekin edo sakelako telefonoarekin zure ustez interesgarria den leku, gauza, momentu edo pertsona bati argazkia egitea eta testu txiki batez laguntzea. Parte hartzeko modu asko daude. Batetik, webgunera zuzenean igotzea. Bestetik, “Whatsapp” aplikazioaren bidez irudia helaraztea (688 848 152 telefonora). Bestalde, sare sozialetan (Twitter, Facebook eta Instagramen) #Udariklik traola erabilita eta @aiaraldea aipatuta ere hartu ahalko da parte.

Aiaraldea hedabideak udan ere, munduan barrena oporretan dauden zein inguruetan udaz gozatzen duten Aiaraldeko herritarrak euskaraz harremantzeko topagune digitala eskaini nahi du. Gauzak horrela, bidalitako argazkiak -monumentuak edo eraikinak, paisaiak edo lagun arteko giroa, herriko jaietako irudiak- eta igorritako testuak osatzen duten osotasuna baloratuko da.

Parte hartzeko baldintzak

Lehiaketa Aiaraldean bizi diren herritar guztiei irekita dago, ondorengo udalerrietako erabiltzaileei: Urduña, Laudio, Amurrio, Aiara udalerria, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo. Lehiaketan parte hartzeko aurkeztuko diren irudiek udarekin izan behar dute zerikusia Parte hartzaile bakoitzak nahi beste argazki aurkeztu ditzake, baina zozketarako zenbaki bakarra eskuratuko du.

Lehiakideek norbanako mailan esku hartuko dute; ondorioz, argazki batek egile bakarra izan dezake edo behintzat aurkeztuko duen pertsonak sinatuta baino ez da egongo. Ezingo dira aurretik beste lehiaketa batean aurkeztutako irudiak bidali.

Epaimahaia

Epaimahaia Txemi Llano argazkilariak, Txani Rodrigez idazleak eta Lucia Menoyo Aiaraldea hedabideko kolaboratzaileak osatuko dute. Epaimahaiaren erabakia ezingo da eztabaidatu edo ezingo zaio gaitziritzi. Irabazleei posta elektronikoz emango zaie erabakiaren berri. Irabazleekin harremanetan jarritakoan web-gune honetan emango da horren berri.

Lanak aurkezteko moduak eta epea

Lehiaketan parte hartzeko epea 2017ko irailaren 21a da (udazkenera arteko epea). Argazkiak muga egun horretara arte bidali daitezke. Derrigorrezko baldintza da postalen testua euskaraz idatzia izatea. Argazkiarekin batera bidali beharko da:

  • Egilearen izen-abizenak
  • Herria
  • Harremanetarako kontaktua
  • Irudia eta irudiaren testua. Ez dira onartuko mezu iraingarriak dituzten postalak.

Parte hartzeko moduak, berriz, honakoak izango dira:

  • Webgunea: atariko gune berezira edukia igotzea.
  • Sare sozialetan (Twitter, Instagram eta Facebook) partekatzea irudia eta mezua, @aiaraldea eta #UdariKlik aipatuta. 
  • Emaila edo whatsappa: Postala 688848152 zenbakira edo lehiaketak@aiaraldea.eus helbidera bidaltzea.

 Kategoriak eta sariak

Testuaren originaltasuna eta argazkiaren kalitate artistikoa sarituko dira. Beraz, ezinbestekoa da irudia testu batekin lagunduta aurkeztea. Hauek dira kategoriak eta sariak:

  • AIARALDEA: Eskualdeko irudiak (Saria: 2 lagunentzat dastatze menua Guzurtegi jatetxean)
  • UMOREA: Lanik umoretsuena (Saria: 4 lagunentzat abentura ekintza Dobra abenturan)
  • BIDAIA: Aiaraldea kanpoko argazkiak (Saria: 2 lagunentzat menu berezia Arrigorri ostatuan)
  • GIF:Boomerang edo timelapse ederrena (Saria: 2 lagunentzat egonaldia eta gosaria Arcos de Quejanan)
  • MARRAZKIA: Udako haurren marrazkia (Saria: Artelan papertegiko margo maleta)
  • PUBLIKOAREN SARIA: Udariklik atalean bozka gehien jasotzen dituen irudiaren egileak Aiaraldeko produktu sorta irabaziko du.

Europara asteburuko bidaia baten zozketa

Partaide guztien artean 2 lagunentzat asteburuko bidaia zozketatuko da Paris, Londres, Amsterdam, Erroma edo Bruselasen Wegoaz agentziaren eskutik. Postala aurkezten duen egile bakoitzak zozketarako zenbaki bakarra eskuratuko du. Irailaren 25ean, lehiaketako irabazleekin batera emango da saridunaren berri.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide