Suaren inguruan elkartuta emango diote hasiera aiaraldearrek udari. Herri guztietan piztuko dute sua: Arakaldon, Laudion, Okondon, Arrankudiaga-Zollon, Orozkon, Artziniegan, Amurrion, Urduñan eta Aiaran. Toki askotan, gainera, auzo bat baino gehiagotan egongo da San Juan egunaz gozatzeko aukera.
Ekitaldi bereziak ere izango dira, Urduñako eta Amurrioko akelarrea kasu. Iluntzean hasiko dira jarduera gehienak, eta tokian toki, herri-usadioak izango dira nagusi.
Pertsonai propioak
Asko dira udako solstizioaren protagonistak. Lantenon, esaterako, sorgina erretzen dute. Arakaldon, aldiz, Espartero panpina. Antolatzaileen esanetan, eskulan tailerraren bidez osatuko dute umeek pertsonaia arratsaldean. Orozkon, berriz, Pirulo izango da sanjuanetako ikurra. Jarduerei dagokienez, bi osagai dituzte komunean eskualdeko festa gehienek: sua eta txokolatada. Bestalde, nabarmentzekoa da auzolanean antolatzen direla udako solstizio gehienak. Entsegu irekiak deitu dituzte, Amurrion, adibidez. Gainontzeko auzoetan ere, herritarrak izaten dira antolatzaile nagusiak. Arrankudiagan, esaterako, etxe bakoitzak herri-askaria egiteko janaria prestatuko du, alegia, konpartitzeko.
Egitarau guztiak Udako Solstizioei buruzko atal berezian daude ikusgai.