Bi mundu daude: turistak ikusten duen hori, eta mundua. Ez ditzagun geure buruak engaina. Turismoa ekintza indibidualista bat da, eta zerikusi gutxi du bisitatzen dugun lekuarekin. Ez dugu turismoa egiten inongo kulturarik ezagutzeko, erabat ezinezkoa baita hori; eta okerragoa dena, beste kulturak are gehiago zartatzen ditugu, guretzako espektakulu bihurtzen ditugulako, kontsumogai, folklore huts, souvenir.
Gainera, turismo-eredu honen ondorioz, gero eta zailagoa da jakitea non lur hartu duen gure hegazkinak, zer kaletan gauden edo zer jenderi ari gatzaizkion argazkiak ateratzen (eta arima lapurtzen). Herrialdearen sarreran zegoen kartelari ondo begiratu ez badiogu, laster egongo gara jakin ezinda gure oinek zapaltzen duten lurra Thailandia den edo Disneylandia.
Eta gure etxea ez da salbuespena. Turismoak zoo bihurtzen ditu herriak, eta animalia kaiolatuak tokiko biztanleak. Nik ez nuke halakorik nahi guretzat. Ez nuke egon nahi hirugarren sektoreko langile prekario gehiago dituen dekoratu batean, ez nuke bizi nahi turistei irri eginarazteko, ez nuke hil nahi gobernuek ahaztutako auzo periferiko batean su hartu duen etxe batean. Ez nuke, finean, hormigoizko eta titaniozko erakusleiho batean tximino bat izan nahi. Orain, hartu trena eta segi Bilbora. Ni ikaratuta nago. Oso.