"Zergatik zara heterosexuala?" lehiaketaren sariak banatu dituzte

Erredakzioa 2017ko eka. 28a, 17:06

Sari banaketa. / Laudioko Udala

Diana Ibargutxik, Izar Mendigurenek eta Iratxe L. P.-k irabazi dute euren kategorietan; 30 urtetik gorakoan, 18 eta 29 urte bitartekoan eta 14 eta 17 urte bitartekoan, hurrenez hurren.

Gaur banatu dituzte sariak Laudioko Udaletxean eta hiru irabazleak herrikoak izan diren arren, parte hartzeko aukera izan dute baita Aiara, Okondo, Orozko, Urduña eta Artziniegako gazteek.

Hurrengoak izan dira testu sarituak, Zergatik zara heterosexuala? galderari erantzuten diotenak:

Iratxe L. P. 15 urte

"Jaiotzen garenetik izendatuak gara, etiketatuak, bide konkretu bat jarraitzera behartuak. Subjektu itsuak bihurtzen gaituzte, gizarteak esandakoak soilik entzuteko. Oso gazte garenetik helmuga berdinak ezartzen dizkigute eta hauek lortzeko ahalegintzen gara, ez baikara jakitun gizarteak esaten dituen gauzez gain beste hamaika aukera daudela.

Zergatik naiz heterosexuala? Egia esan, orain hamabost urte ditudala, konturatu naiz nire bizitzan zehar momentu konkretu batzuetan soilik izan naizela heterosexuala. Telebista ikusten nuenean, esate baterako, neska eta mutilez osatutako bikoteek zeukaten poztasun hori lortu nahian nire burua heterosexualtzat jotzen nuen. Irudietan beste bikote motarik ikusten ez nuenez, beste aukera horiek ez nituen ezagutzen.

Inoiz ez dut neure burua etiketatu, baina etiketatua sentitu izan naiz. Horregatik, heldutzen joan naizen bitartean nire buruari galderak egiten joan izan naiz. Zein pertsona mota ditut gustuko? Berain sexu edo generoa garrantzitsua al da? Orduan ondorio argi batera heldu nintzen, aske egin ninduena: pertsonak ditut gustuko eta ez gizartea".

Izar Mendiguren Cosgaya, 28 urte

"Zergatik? Nor? Zer? Nola?
Amaigabea da galderen zerrenda.
Zu bazara azkena,
Ziurrenik hori da problema:
kanpokoari kasu egitea barrenari ordez.
Demagun, arrosa edo urdina beharrean morea hautatzen duzula,
mugen tokian aukerak ikusten dituzula.
Ez al litzake ederra?
Zebrabide txuribeltzak sexu aniztasunaren ortzadar bihurtu diren garaiotan
“pisuzko” galdera batek heldu nau kolpez:
“Zergatik zara heterosexuala?”
Eta zu? Zergatik zaude itsu?
Noiz arte egongo zara maitasun ereduekiko gor?
Ez geratu mutu:
aske maitatu, aske bizi.
Tximeletak ez dira sabelean
sentitzeko jaio,
hegan egiteko baizik".

Diana Ibargutxi Abarrategi, 34 urte

"Galdera honi erantzuten badiot, suposatzen da neure burua heterosexualtzat hartzen dudala? Zer da heterosexuala izatea, ba? Badago etiketa jartzerik, desira eta erakarpen jolasean? Zertarako? “Irekitze prozesuak” moralaren ikuspegitik deitzen ditugun horiek mila kutxa eta etiketa dituzte barnean, baina, ez al da hori ere guztiz mugatua? Kutxa eta etiketa ezberdinak “onartzea”ri buruz hitz egiten dugu, hori bada, ba, intolerantzia! Aniztasuna ez da helburua, abiapuntua baizik! Hori da sexudun egiten gaituena, eta guztiak gara sexudunak, giza-ezaugarria baita. Iraganean, kutxa onartu bakarra, gero bi, gero hiru, baina beti kutxak, beti gure orden mentala eta moralari so. Gure seme-alabak, auzokideak, jendea orokorrean heterosexuala izango dela uste dugu, eta hori ez den guztia aniztasuna dela pentsatzen dugu, aniztasuna besteen  kontua dela sentituz, baina danok gara anitz, danon ezaugarria da aniztasuna. Sexualitatea bizitza osoan zehar eraikitzen dugu, gure biografian oinarrituta. Pertsona ezberdinak desiratzen ditugu, edota keinu ezberdinak, usainak, hitz egiteko erak, begiradak, bestearen ukipena trenean. Ez al da oso pobrea hori dana kutxa batean sartzea horretan oinarrituz etiketa bat sortzeko? Egon gaitezen munduan erne, argi eta modu erotikoan desiratzen duguna bizitzeko!"

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide