1. Boo Radleys “Wake up Boo!”
"Esnatu, Boo, esnatu! Goiz ederra da, eguzkiak distiratzen du zure begietan, azken aldia izan daiteke". Agian, abestiko lehenengo hitzen arabera, uda amaitu da, baina, niri dagokidanez, bizipoza ematen dit Boo Radleyesen kantak.
2. Kiko Veneno “Fuego”
Nahasketa, mestizajea, sentsualitatea, berotasuna, hezetasuna eta sua = uda!!!
3. Os Mutantes “Minha meninha”
Jorge Ben-en originala Os Mutantesek moldatu zuten eta emaitza hain zen bikaina, non klasiko hutsa bihurtu baitzen!!!
4. Lizzy Mercier Descloux “Fire”
Sua berriro, sexua berriro, maitasuna berriro. Dantzatzeko prest, dantzatzeko prest al zaudete, putakumeak?!?!
5. Toro Y Moi “New beast”
Udako ordu txikietan neguaren oroimena: elurra hasi du ariman -adinak, eskarmentuak, frustrazioek ez dute barkatzen- baina aurrera jarraitzen dugu irribarrez, nahi duguna atzamarren puntan.
6. The Boys “First time”
Eta zure lehenengo aldia? Noiz izan zen? Noiz izango da? Uda batean? Beldurra, desioa eta errespetua islatzen dituzte abestiaren hitzek –hamaika urte geroago, La Polla Recordsek bertsioa egin zuten eta oso mezu desberdina adierazi zuten: txosnen giroa, badakizue-.
7. León Benavente “Nuevas tierras”
Oporrak eta bidaiak, barneko eta urruneko esplorazioak, zelai zabalak eta jende berria. Baina, azkenean, gatazka ez ote da egia bakarra? Zein da helburua? Helmuga abiapuntua al da?
8. Betty Davis “Anti-love song”
Sargori hutsa, bero bolada, ez da ezetz, nire baldintzak onartu, macho man, “Cause I know you like to be in charge / But with me you know you couldn’t control me, don’t cha?/ Cause you know I’d make you drop your guard/ Cause I’d have you eating your ego/ I’d make you pocket your pride”.
9. Roy Ayers ”Domelo (Give it to me)”
Nahasketa sexua dela diote Sonic Youth-ek; bada, ez dakit, baina “dómelo” eta “dámelo” artean zer edo zer susmagarri dagoela azpian esango nuke. Latin funk jazza to the max!!!
10. The Pogues “Fiesta”
1988-an abesti hau gorroto nuen, nire ustez patxangaren gauza txar guztiak biltzen zituen eta; egia esan, oraindik ez dakit gustatzen zaidan ala ez, baina The Pogues Bilboko Aste Nagusian ikusi nuen eta onartu behar dut izugarrizko kontzertua eman zutela: denbora + alkohola= Shane McGowanen ahots bikaina. Beste aldetik, turista britainiarrek Iruñea, Almeria, Salou edo Magalufera joateko eskubidea ere daukate, ezta?