Eskualdean Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak arruntagoak badira ere, aurten Arabak izango du protagonismoa europar ekimenean.
Irailaren 23an Artziniegan hitzordua antolatuko dute horretarako. Hasteko, hiribilduan populazioa finkatzeko ezaugarri geografiko, kultural eta historikoak definituko dituzte. Gero, inguruko aztarnategi arkeologikoei buruz hitz egingo dute, haitzuloen erabileratatik hasita (Erretes Tudelakoa, esate baterako), erromatar aztarna eskasei buruz hitz eginda eta baita Arteko Andra Mariaren Santutegiaren barruan egindako indusketek izandako emaitza ikusgarriekin jarraitzeko. Azkenik, Artziniegako Erdi Aroko jarduerari buruz mintzatuko dira.
Amurrion ibilaldia
Hurrengo egunean Amurrion gauzatuko dituzte jardunaldiak. Amurriko Andra Maria elizan elkartuko dira 10:00etan. Ondoren autoz San Roke baselizara bertaratuko dira, eta bertatik oinez hasiko dute ibilbidea, basoan zehar, aztarnategi arkeologikoraino.
40 minutuko igoera izango da, baina geldialdiak egingo dituzte azalpenak jasotzeko. Behin gora iritsita, induskatutako eremua ezagutzeko parada egongo da..
Ibilbidean 250 metro inguruko altuera tartea igoko da, basoan zehar, eta orotara hiru ordu inguru beharko dira osatzeko. Mendirako oinetakoak eta materiala eramatea gomendagarria izango da.