Aiaraldea Raidaren III. edizioa izango da asteburuan eta 31 bikotek izena eman dute erronkan. Parte-hartzaileen % 20 emakumezkoak dira eta lasterketa gogorra bete beharko dute. Izan ere, 24 ordu izango dituzte ahalik eta puntu gehien lortzeko. Hori bai, bikote bakoitzak erabakiko du zenbat denbora emango duen lehiatzen.

Antolatzaileek -Kuskumendi taldeak eta hainbat norbanakok- prestatu dute ibilbide anitza eta Gorobelgo kobazuloetara zein Ganekogortako inguruetara bidaliko dituzte kirolariak, Urduñatik abiatuta. Aurreko edizioetan putzuetan sartu behar izan ziren lehiakideak eta Unginoko via ferrata zeharkatu zuten, besteak beste.
Iberian Outdoor Series eta Liga Norte Raids Aventura lehiaketarako puntuagarria izango da lasterketa.