Itsasorik ez du Aiaraldeak, baina lurreko, aireko eta uretako kirolak praktika litezke. Jardueren nolakotasunari erreparatuta, zabala da zeharo eskaintza. Hain da anitza, ezen eta 30 kiroletik gora praktika baitaitezke: futbola (areto futbola barne), saskibaloia, eskubaloia, igeriketa, gimnasia erritmikoa, eskupilota, pala, frontenisa, tenisa, txirrindularitza, mendi txirrindularitza, errugbia, hockeya, xakea, arku-tiroa, irristaketa, parapentea, traila, mendia, karatea, judoa, taekwondoa, taichia, yoga, mugendoa, eskalada, atletismoa, cow horsea (hipika), raida, orientazioa, espeleologia, boloak, dantza, kick boxinga, pitch and putt... Gehienek irailean aurkeztu dute matrikulazio kanpaina, taldeak osatze aldera.
Tokiko kirolak
Kirol nagusiez gain -futbola, saskibaloia eta abar- badira, ordea, tokikoak ere. Artzikirola da horietako bat, Artziniegan sortua. Hala herriko jaietako txapelketan nola urtean zehar, hainbat lagunek jokatzen dute.
Aiarako boloa da bertako beste kiroletako bat. Zenbait herritan makina bat jende mugitzen du, gainera: Luiaondon, Tertangan, Lendoñobeitin, Laudion... Haurrentzat eta gazteentzat aparteko saioak antolatzen dituzte eskualdeko bolo klubek, Laudion kasu.
Edozelan ere, tokikotasuna ardatz dute jarduera ugarik. Mendiarekin dute lotura gehienek: trailak, mendizaletasunak, espeleologiak, barrankismoak, duatloiak... Horren adierazle dira, kirolaz “libreki” -federatu gabe- gozatzeko antolatzen diren proba irekiak, mendi-ibilaldiak edota trailak, besteak beste. Tokian toki, ehunka haur aritzen dira eskola kiroletan ere.
Jarduerak herrika
Eskualdeko herririk handiena izaki, Laudiok batzen ditu kirol gehien. Kirol motei dagokienean, futbola da nagusi. Klub ugari daude: CD Orduña, Amurrio, Laudio, Laudioko Altzarrate, Arrankudiagako Indarra eta Iberlanda taldeak, Orozkoko Atxulaur kluba, Uxoa areto futbol taldea, Amurrioko Izarobe, eskola kiroletako taldeak...
Baina beste kirol batzuek ere lortu dute euren protagonismoa. Horien artean daude eskubaloia (Laudio Eskubaloi Kluba), saskibaloia (Amurrioko Zaraobe ST, Laudioko Sugarrak, Urduñako Bedarbide...), irristaketa (Laudioko Aldai eta Amurrioko irristaketa taldeak), hockeya (Ganbegi, Aiara...), igeriketa (Laudio Igeriketa Kluba, Amurrioko Ur bizi taldea), atletismoa (Laudio Atletismo Kluba, Urduñako Arando Korrikalari Taldea), traila (Oinkariak, Amurrio Trail, Gualdetxu), eskupilota edota pala (Aretako Herriaren eta Amurrio zein Urduñako elkarteak), txirrindularitza (Aiarabike, Urduñako, Amurrioko eta Laudioko Txirrindulari Elkarteak...), judoa (Amurrion) zein taekwondoa (Araba Karate Kluba), triatloia (Igeriketa Laudio), xakea (Amurrio eta Laudioko taldeak), mendia (Amurrioko Mendiko Lagunak, Laudioko Goikogane, Urduñako Txarlazo, Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta, Arakaldoko Kukutxe...), tenisa (Amurrio, Laudio eta Orozkoko klubak), frontenisa (Aretako Herriaren kluba...), parapentea (Urdu Hegan), pitch & putt (Urduñako Inbarri Elkartea), eskalada (Orbeko Mendi taldea), borroka kirolak (Hajime kluba, Chockdee, Cape team...) spininga (Urduñako, Amurrioko eta Laudioko kiroldegietan), errugbia (Amurrioko Nerbioi Errugbi taldea), sokatira (Artziniegako Bizindar)...