Datorren asteko asteburuan hitzordu bikoitza edukiko dute bizikleta zaleek. Batetik, Urduñako ziklokross proba antolatuko du hiri bizkaitarreko Txirrindulari Elkarteak. Larunbatean izango da zita, Herri Eskolaren aldameneko zelaian. Izen-ematea, baina, hilaren 5ean itxiko dute. Iragan astean hasi ziren zirkuitua egokitzen. Besteak beste, zezen-plaza eta zelai guneak zeharkatuko ditu ibilbideak; eta ohi bezala, arrapala ugari egongo dira. Ikustera doazenentzat txosna jarriko dute Urduñako herri ikastetxean, herria girotzeko asmoz.
BTT erronka
Kuskumendi MTBk, bestalde, "Ilunabarra erronka" prestatu du urriaren 8rako. 9:30ean abiatuko dira partaideak Juan Urrutia plazatik, eta 43 kilometroko ibilbidea gauzatu beharko dute, 1.300 metroko desnibelarekin. Aurrez izena ematen duten federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 18€. Egunean bertan apuntatzen direnentzat probak 25€ balioko ditu.