Eskualdeko lagun ugarik jo dute Kataluniara Urriaren 1eko erreferendumaren nondik norakoak jarraitzeko. Horietako batzuek aiaraldea.eus web-atariarekin partekatuko dituzte euren bizipenak.
Tánia Miró bozkatzeko guneetan egon da bart. Sant Andreuko (Bartzelona) Mestre Giberten egon da: "Auzoko ikastetxe gehienak okupatuta daude atzotik. Familiek eta auzokideek hartu dituzte eta egitarauak prestatu dituzte: tailerrak, zinema... gaur jarraituko dute".
Horrez gain, nabarmendu du giroa lasaia eta alaia dela. Atzo arratsaldez agertu ziren Mossosak eta adierazi zuten ez dutela indarkeria erabiliko, baina pertsona baten identifikazioa eskatu zuten.
Gaurko egunari dagokionez, Mirók aipatu du helburua dela ahalik eta jende gehien geratzea lotan ikastetxeetan, eta boluntario gehiago heltzea gaueko 04:00etan edo 05:00etan.