Sormen izpiak nagusi, “Udari klik” argazki postal lehiaketan

Erredakzioa 2017ko urr. 13a, 14:04
Zuriñe Alavak Hatortxu Rocken eginiko argazkiak gailendu da "Bidaiak" kategorian. / Z.A.

Udazkena hastearekin batera agortu da Aiaraldea Hedabidearen “Udari klik” argazki postal lehiaketan parte hartzeko denbora. 160 lan baino gehiago aurkeztu dira. Aiaraldea Gaur webguneko bozketa baliatuta erabaki da “Publikoaren saria”. Gainontzeko kategorietako -Bidaia, Aiaraldea, umorea, gif-ak eta marrazkiak- postal irabazleak  Txemi Llano argazkilari aiararrak,  Txani Rodrigez idazle laudioarrak eta Lucia Menoyo komunikabideko kolaboratzaileak osatutako epaimahaiak aukeratu dituzte. Partaideen artean Europara asteburuko txangoa zozketatu da, eta Unai Llanori egokitu zaio.

Irailarekin batera amaitu da Aiaraldea Gaur hedabidearen “Udariklik” postal lehiaketa. Txemi Llano argazkilari aiararrak, Txani Llano idazle laudioarrak eta Lucia Menoyo Aiaraldea hedabideko kolaboratzaileak osatu dute epaimahaia. Guztira, 162 lan aurkeztu dira. Marrazkien kategorian ez du inork alerik bidali; eta, beraz, banatu gabe geratu da Artelan papertegiko margo maleta.

Iraide Vallejo arespalditzarrarena izan da Aiaraldeko irudirik politena, adituen aburuz. Hortaz, bi lagunentzat dastatze menua edukiko du Maroñoko Guzurtegi jatetxean. Lanik umoretsuenagatik, berriz, 4 lagunentzat abentura ekintzaz gozatzeko parada izango du Joseba Vivanco artziniegarrak. Bidaien kategorian Zuriñe Alava Kosterarra gailendu da, eta bi lagunentzat menu berezia dastatuko du Ondarruko Arrigorri ostatuan. Ikus-entzunezkoen alorrean, ordea, Alex Colladoren timelapsea nagusitu da. Ondorioz, bi pertsonarentzat egonaldia eta gosaria ditu zain Arcos de Quejanan.

“Publikoaren saria” izan da aurtengo nobedadeetako bat. Webgunearen bitartez, hiru postalik kuttunenak hautatzeko parada izan dute erabiltzaileek astebetez.  Gauzak hala, Arene Barañanok etxeratuko du eskualdeko produktuen poltsa. Irudi guztiak www.aiaraldea.eus atarian daude ikusgai.

Bosgarren edizioa bukatu arren, egitasmoak egokitu eta dinamika berriak sortzen jarraituko du hedabideak; sorkuntza lanak, parte hartzea eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.

 

ARGAZKI GUZTIAK:

BIDAIA: ZURIÑE ALAVA

“HATORTXU ROCK 20...ZENBAT SENTIMENDU, ZENBAT ELKARTASUN” . Udan musika kontzertuak ikusteko asko bidaiatu du Zuriñe Alavak. Besteak beste, Lakuntzan izan zen Hatortxu Rocak jaialdian. “Jendearen elkartasuna nahi nuen ateratzea argazkian. Udarekin oso lotuta daude kontzertuak”, adierazi du.

AIARALDEA: IRAIDE VALLEJO

“ZINTZILIK EGOTEKO ZABUAK” . Etxaurreneko ermitan ezkontza baterako jarri zuten kolunpioa du ardatz Iraide Vallejoren lanak:  “Mendira joan nintzen  eta arreta deitu zidan. Egun bateko kontua izan zen, biharamunean  kendu egin zuten zabua”.

UMOREA: JOSEBA VIVANCO

“AZERIA OILATEGIA ZAINTZEN” . Oportoko merkatuan atera zuen argazkia Joseba Vivancok: “Merkatu zaharra ikustera joan ginen, oso antzinakoa baita. Arrain guztia kanpoan zuten, eta katuak grazia egin zigun. Pasatzen ginen guztiok atera genion egoerari argazkia”.

GIFAK: ALEX COLLADO

Udako egun berotsuan igerilekuetara joan ordez, Laudion geratzea erabaki zuten Alex Collado eta bere lagunek: “Zuhaitz baten itzalean pipak jatea bururatu zitzaigun. Lurrean eserita nengoela, hainbeste inurri batetik bestera lasterka ikusterakoan, “time lapsea “ egitea otu zitzaidan”, kontatu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide