Aiarako Kuadrillako lehen emakumezko presidentea zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Ohore handia da niretzat Aiarako Kuadrillako Presidentea izatea. Plenoan aipatu nuen bezala, Kuadrilla honetako presidentea lehenengo emakumezkoa izateaz oso harro nago. Emakumea eta presidentea. Bazen garaia!
Garrantzia handia dauka nire ustez emakumeok bai esparru pribatuetan bai esparru publikoetan gero eta presentzia gehiago izatea. Izan ere, tamalez, gauzak astiro-astiro aldatzen ari diren arren, arlo honetan lan asko dago egiteke.
Parekidetasunari eta berdintasunari begira, politika munduan kasu askotan ez da legea betetzen eta egungo gizartean horrela jarraitzea ezinezkoa da.
“Partaidetza indartu eta pedagogia egin behar dugu, helburu bakar batekin: erakunde hau biztanleen artean ezagunago bihurtzea, pausoz pauso”
Kuadrillako azken plenoan esan zenuen Ander Añibarrok -aurreko presidenteak- eginiko bidetik jarraituko zenuela. Zein bide da hori?
Anderren lanari jarraitu nahiko nioke eta bide beretik segitzen saiatuko naiz, Aiarako Kuadrilla gero eta esanguratsuagoa, zabalagoa eta gardenagoa izan dadin.
Nola? Partaidetza indartuz eta pedagogia eginez helburu bakar batekin: erakunde hau biztanleen artean ezagunago bihurtzea, pausoz pauso.
Zeintzuk dira hurrengo urteei begira Kuadrillak izango dituen proiektu eta erronka nagusiak?
Biztanleei begira komunean prestatzen diren zerbitzu publikoak indartzea eta hobetzea. Nire ustez, guztion artean “kuadrilla arima” mimatu eta ondo zaindu behar dugu, mesfidantza alde batera utziz.
Horretarako ezinbestekoa da Kuadrilla osatzen duten bost herrien arteko elkarlana, are gehiago herri txikiei begira.
Solidarioa izatea garrantzia handia dauka erakunde honetan. Hori da konkretuki “kuadrilla arima”: elkartasuna eta elkar lana.
“`Kuadrilla arima` mimatu eta ondo zaindu behar dugu, mesfidantza alde batera utziz”
Udaberrian erabaki zen Kuadrillan Aiaratur elkartea disolbatzea. Nola eramango dira hemendik aurrera turismoari lotutako jarduerak?
Momentuz ofizialki ez da Aiatur disolbatu. Erabaki hori Batzar Nagusiak hartu behar baitu. Nire uste apalean Kuadrillak berak Aiaraturreko agintea hartu behar du. Bere esku eta bere gain.
Egun Aiaratur erakunde publikoek (udalek) bai pribatuek (merkataritza eta ostalaritza sektoreek) osatzen dute. Disolbatzean, ikusiko beharko dugu nola jartzen dugun martxan zerbitzu berria, nola antolatzen garen, nora jotzen dugun eta nola bermatzen dugun arlo pribatuaren presentzia. Elkarlana beharko da, publikoa eta pribatua.
Hondakinen kudeaketari dagokionez, organikoaren birziklatzea sustatzeko kanpaina egin du Kuadrillak. Ildo horretan jarraitzeko asmoa duzue?
Noski. Ez dugu erosotasunean erori behar. Eguneroko lana ezinbestekoa dela eta kanpainak inportanteak direla uste dut, bai ikastetxeetan, bai komertzioetan eta ostalaritza negozioetan, bai guztion etxeetan.
Helburua zein izan behar den argi daukat: birziklatzen dugun kopurua ahal den heinean gero eta altuagoa eta kalitate handiagokoa izatea... Organikoa gero eta gehiago izatea, errefusa gero eta gehiago murrizteko.
“Helburua zein izan behar den argi daukat: birziklatzen dugun kopurua ahal den heinean gero eta altuagoa eta kalitate handiagokoa izatea”
Zer beste proiektu aurreikusten dituzue?
Zabor-zerbitzu pleguak berrikusi, aztertu eta onartu nahi ditugu, kontratu berria ahalik eta lasterren indarrean izateko. Lege aldetik ez dago arazorik kontratu guztietako luzapenak onartu zirelako. Indarrean daudenez ez daukagu kezka handirik.
Gustatuko litzaidake legealdia amaitu baino lehen Kuadrillako egoitza berria non kokatuko den adostea, gaur egungo egoitzak ia ez dituelako bizigarritasun baldintzak betetzen. Inportantea da Kuadrillako langileei begira baita erakundeari berari begira ere. Hamarkada batzuk daramatza horrek erabakitzeke. Duintasun kontua da.