Iraupen luzeko lau zeharkaldi, mendizaleen zain

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko urr. 7a, 09:00

Gorobelen barrena ibiliko dira hainbat mendi-zeharkaldi. / Jon Catalan

Bihar -urriak 8- izango dira Orozkoko eta Urduñako mendi ibilaldiak. Azaroak, berriz, Gorobeleko eta Laudioko mendi martxak ekarriko ditu. Jarduera ugari egiten dituzte eskualdeko elkarteek mendizaleen gozamenerako.

Udazkenarekin batera hasi da mendi ibilaldien denboraldia. Aiarako Kexaako eta Laudioko Latiorro jaietako zeharkaldiek abiatu zuten ekitaldien segida. Irailaren bukaeran heldu zioten erronkari Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta eta Okondoko Ganekogorta mendi taldeek ere. Hain zuzen, igandean izan zen Okondo Ibarra V. ibilaldi neurtua.

Orozkok hartuko dio Okondori lekukoa bihar -urriak 8-, iraupen mendi ibilaldia prestatu baitute hogeita bederatzigarrenez. Izenak adierazi gisa, iraupen eta distantzia luzekoa izango da martxa: 7:30ean aterako dira partaideak herriko plazatik. Ohi bezala, Itxinape elkarteak antolatuko du jarduera, eta aurreratu dutenez, ezinbestekoa izango da aurrez izena-ematea. Internet bidez egongo da horretarako aukera, www.itxinape.com webgunean.

Elkarteko bazkideek 3 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 5€. Orotara hiru zirkuitu proposatu dituzte: handia, ertaina eta txikia.  Egun berean -urriaren 8an- egingo du Txarlazo Mendi Taldeak ere “Urduñako XIV. Mendi Martxa”. Zailtasunaren arabera, bi plano aurkeztu dituzte. Batetik, “A” bidea, 26.2 kilometroduna. Antolatzaileek zehaztu dutenez,  La Paul, Arando, Nerbioiko ur-jauzia eta Artomaña zeharkatuko ditu bideak. “B” ibilbideak, berriz, 14 kilometro izango ditu, eta La Paul, Tortotela eta Delika igaroko ditu, besteak beste. Ordutegiari dagokionez, 8:00etan aterako da lehendabizikoa, eta 10:00etan bigarrena. Nabarmentzekoa da elkarteak ibilbidea berritzeko urtero egiten duen ahalegina. “Dutxatzeko aukera ere eskainiko dugu”, erantsi dute.

Gorobel martxa
Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak ere aurkeztu du dagoeneko udazkeneko hitzordua: azaroaren 5ean egingo dute XXXI. Gorobel martxa. Urriaren 25ean zabalduko dute apuntatzeko epea www.mendikolagunak.eus atarian. Mendizale gehien pilatzen dituen ekimena da Amurriokoa, urtero ehunka lagun elkartzen baititu. Zeharkaldiaren nondik norakoak geroago plazaratuko dituzte.

Laudioko eta Artziniegako zitak  beranduago izango dira; azaroaren amaieran eta martxoan, hurrenez hurren. Mendi maratoien alorrean, azaroaren 12an estreinatuko da Urduña.

Zabala da, beraz, Aiaraldean mendizaletasunaz gozatzeko eskaintza. Horren adibide dira herrietako mendi taldeak, gaur-gaurkoz 7 baitaude: Matxinkorta (Arrankudiaga-Zollo), Ganekogorta (Okondo), Itxinape (Orozko), Goikogane (Laudio), Txarlazo (Urduña), Mendiko Lagunak (Amurrio) eta Ganzorrotz (Artziniega).

Bestalde, gazteei bideratutako hainbat programa edo eskola ere badaude. “Oxigenoa euskarari” dinamikak, esaterako, Laudioko nerabeekin gauzatzen ditu mendi irteerak. Amurrioko Mendiko Lagunakek ere bidean du mendi eskola. Horrez gain, gazteentzako irteera bereziak eskaintzen ditu urtean zehar, ingurune eta lagun berriak ezagutzeko asteburu-pasak.  

Aiaraldea Gaur hedabideak “kirol aisia” jorratuko du hemendik aurrera ere bai. Hala, Aiaraldean txangoak egiteko proposamenak argitaratuko ditu komunikabideak, adin guztiei bideratutako kirol planekin eta jardueraz gozatzeko jakin beharreko xehetasun guztiekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide