Bukatu dituzte indusketak San Pedro mendiko lubakietan

Aimar Gutierrez Bidarte 2017ko urr. 19a, 16:45

Guda Zibileko gudu zelai izandako San Pedro mendiko magaletan abiatu zituen indusketak 2016an EHUko ikerlari talde batek. Bigarren urtea dute hau gerrateko arrasto arkeologikoak ikertzen eta behin-behieneko ondorioak biltzen dituen txostena kaleratu dute.

Bukatutzat eman du aurtengo indusketa kanpaina San Pedro mendiko lubakietan bertan lanean jardun duen EHUko ikerlari taldeak. 2016an ekin zioten Guda Zibileko aztarnak bilatu eta ikertzeari. Iazko arrakastaren aurrean aurten kanpainari berriz ekitea erabaki zuten. Behin kanpaina bukatuta behin-behineko ondorioak kaleratu dituzte txostenean.

1936. eta 1937. urte bitartean gudu zelai izan zen Amurrio eta Urduña artean kokatzen den San Pedro mendia. Ugariak dira Guda Zibilak bertako magaletan utzitako arrastoak: bonben kraterrak, suntsitutako egiturak...

Aurtengo lanak

EHUko ikerlari taldeak iaz abiatutako lanari ekin dio aurtengo kanpainan. Egitura guztien erregistro topografikoa egin eta bi-lubaki lerro eta hiru gotorleku induskatu dituzte. Horrekin batera San Pedro mendian dagoen izen bereko baselizaren hondakinak garbitu dituzte.

Ikerlariek ez dute bakarrik lan egin, ordea. Hainbat garbiketa eta indusketa lan auzolanean burutu dituzte Lezama, Amurrio, Urduña, Arrastaria eta Urkabustaitzeko auzokideekin batera. Horrenbestez, maiatzean, jardunaldi irekiak antolatu zituzten indusketa lanetara Aztarna elkartearekin eta Lubakikoak elkartearekin batera.

EHUko laborategian

Aurtengo kanpainan aurkitutako material arkeologikoa EHUko laborategietan ikertua izaten ari da egun. Denetariko aztarnak topatu dituzte San Pedroko lubakietan, esaterako munizioa (500 bala zorro induskatu dituzte aurten, iaz 200 izan ziren) edota errestaurazio lanetan dauden egunkari zatiak. Aipatzekoa da Josu Santamarinak zuzendutako taldeak ez duela giza-aztarnarik topatu inguruan. Behin-betiko ondorioen txostena ateratzearekin batera amaitutzat emango dituzte indusketak oraingoz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide