Labrit etxetik joan zenetik, minutuak luzeagoak dira eta bazkalorduak ezin laburragoak. Telmok ere etxetik alde egin nahi zuen, edo alde egin nahi zuela ematen zuen, edo alde egingo zuela esan zuen baina Labritek irekita utzi zuen atearen aurrean geldi geratu zen, ez atzera ez aurrera. Gauza jakina da erabakirik batere ez hartzea, funtsean, erabakiak hartzeko beste modu bat besterik ez dela. Hortaz, Telmoren erabakia errespetatu besterik ez nuen egin nik: etxeko atea itxi nion, eta bere logelara bidali nuen derrepentean, lasaitu eta bera bakarrik ohar zedin munduan ez dagoela gure etxea baino leku hoberik.
Ohartu, egia esan, ez dakit ezertaz ohartu den, ez baitu berriro ahorik ireki nire aurrean, ez bada hozkailutik hartutako madari bati haginka egiteko eta, ia mastekatu gabe osorik irentsita, bere kuartora itzultzeko ondoren. Esango nuke, hala ere, une labur horietan eskaintzen dizkidan begiradengatik, gorrotoa baino ez duela sentitzen gizajoak, eta nik lagundu besterik ez nion egin nahi. Non hobeto etxean baino? oihukatzen diot sukaldetik, bere logelako atea ixten duenean.
Labrit joan zenetik, gure etxea handiagoa da eta gure bihotza, zergatik uka, pixka bat txikiagoa. Horregatik, gaur goizean postontzian haren gutuna ikusi dudanean, amorrua sentitu nahi izan dut, hitz erdirik esan gabe abandonatu gintuelako, baina poza gailendu zait gogoan. Ez nion Telmori erakutsi nahi eskutitza, baina etxera sartu eta berehala gainean neukan, bere logelako ate itxiaren bestaldetik Labriten arrastoa usaindu izan balu bezala.
Sofan eseri gara eta aldi berean irakurri dugu biok gutuna:
“Kaixo, lagun maiteok:
Egia da, munduan ez dago norbere etxea baino leku hoberik. Baina munduko edozein txoko izan daiteke norbere etxea.
Katalunian bizi naiz orain, eta ez da gure etxea zena baino leku hobea. Baina ez da hura baino okerragoa. Kaletik zoriontsu paseatzen da jendea lantokitik atera eta etxera doanean, eta tristurak aldatzen die aurpegia etxetik lantokira doazenean. Horretan ere beste edozein bezalakoak dira. Baina joan doazenean eta itzuli datozenean, bada zerbait berezia haien aurpegieran, joateko eta itzultzeko bidea norberak aukeratzen duenean sentitzen den lasaitasun moduko horren isla bat. Gogoan izango duzue, noski, zein gogorra izan zen honaino iristeko egin behar izan zuten bidea. Mehatxuak, borra-kolpeak, buru irekiak, hamaika atxilotu… Gezurra dirudi, baina gaur bete da urtebete independentzia deklaratu zutenetik, eta ehunka urtetako bidaia egin dutela dirudi. Lehen zeuden leku berean daude orain, baina beste denbora batean.
Niri ere kosta egiten zait sinestea dagoeneko urtebete igaro dela gure etxetik alde egin nuenetik. Duela aste batzuk izan zela esango nuke. Baina hemen, orain, urtebete geroago da. Lehenbailehen alde egin beharko zenukete iaztik.
Musu bana biontzat.”
Elkarri begiratu diogu Telmok eta biok, harrituta. Eta hormako erlojuan pausatu ditugu begiak ondoren. Ez dago zalantzarik: orratzak motelago mugitzen dira. Hala ere, sofan eserita geratu gara.