Tubos Reunidos enpresako langileek mobilizatzeari ekingo diote

Erredakzioa 2017ko urr. 24a, 12:19

Ez da izango Tubos Reunidoseko langileek egingo duten lehen mobilizazioa. Irudian, iaz eginiko elkarretaratzeetako bat. / aiaraldea.eus

Langile batzordeak adierazi du ez dagoela prest zuzendaritzaren akatsak ordaintzeko eta ordubeteko lanuzteak egingo dituzte urriaren 26an eta 31n, eta azaroaren 2an, 7an eta 9an. Txanda bakoitzean izango dira protestak; 07:30ean, 15:30ean eta 00:00etan.

Tubos Reunidos enpresan ordezkaritza duten sindikatuek lanuzteak antolatu dituzte zuzendaritzaren erabakiak salatzeko. Izan ere, 34 lanpostu amortizatu nahi dituzte.

Horrek esan nahi du postu horietan dauden langileak beste postu batzuk betetzeko (bat baino gehiago izan liteke) bideratuko dituztela.

Langile batzordearen aburuz, enpresa modu okerrean baliatzen ari da tresna hori jendea kaleratzeko. Epe motzean, behin behineko beharginak deitzeari utziko diote, eta kontratak egiteari, baina sindikatuen susmoa da etorkizunean finkoak ere behar ez izatea.

300 milioi euroko zorra
Erabaki hori hartzeko, zuzendaritzak argudiatu du 300 milioi euroko zorrari aurre egitea dela helburua. Edonola ere, sindikatuek aldarrikatu dute langileek sufrituko dituztela zuzendaritzak hartutako erabaki txarrak.

Langileentzat, horien adibidea da 2007an eskatutako 170 milioi euroko mailegua, berez, akziodunen artean banatu baitzen diru horren zati bat, eta zorra 200 milioi eurotan jarri zuten.

Zentzu horretan, langileen ordezkariek nabarmendu dute 2007 eta 2014 urteren bitartean Tubos Reunidosek 214 milioi euroko irabaziak izan zituela, baina akziodunen artean 30 milioi euro gehiago banatu zituztela, hau da, 344 guztira.

Inauxa eta Almesa enpresen salmenta
Zuzenak izan ez diren bi erabaki  gehiago azpimarratu dituzte sindikatuek. Alde batetik, kritikatu dute Inauxa enpresaren salmenta, Tubos Reunidos taldean etekinak lortzen zituen lantegi bakarra baitzen ofizialki.

Bestetik, salatu dute Almesa banaketa negoziorako 25 milioi euroz hornitu zirela eta, azkenean, 2,7 milioi euroren truke saldu zutela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide