Egoera nahasia bizi dute eskualdeko hainbat enpresatan. Ehunka beharginen lanpostuak daude jokoan, eta ziurgabetasun handia dago oro har.
Argi ikusi daiteke hori Tubos Reunidosen kasuan. Hainbat neurri iragarri ditu enpresako zuzendaritzak, 300 milioi euro baino gehiagoko zorra murrizteko. Enpresa batzordeko kideek salatu dute enplegua suntsitzea dela administrazio kontseiluaren plana. Astelehenean bildu ziren zuzendaritza eta langileen ordezkariak, eta azken hauek ez ziren pozik atera bileratik. “Tramite hutsa izan zen, erabakiak hartuak dituzte jada”, adierazi dute beharginek, eta nabarmendu dute 30 lanpostu suntsitu dituztela jada.
Lanuzteak egiteari ekin diote Tubos Reunidoseko langileek, zuzendaritzak ezarritako neurrien aurka
Aldi baterakoak arriskuan
Hala ere, askoz jende gehiago dago lanik gabe geratzeko arriskuan, sindikatuetako ordezkarien ustetan. “170 pertsona daude aldi baterako langile gisa. Ezingo dituzte guztiak kolpe bakarrean bota, baina enpresaren asmoa da 20-30 inguru soilik geratzea. Gainontzekoak lanik gabe utziko dituzte, gurekin 7 urte ikasten eta prestaketa jasotzen egon eta gero”.
Postu finko gabeko beste 60-70 pertsona ere botako dituztela aurreikusten du langile batzordeak. “Azpi-kontratatutako hainbat zerbitzuetako (garbiketa, adibidez) arduradunak kaleratuko dituzte. Enpresa barruko langileek euren gain hartu beharko dituzte lan horiek”.
TUBOS REUNIDOS
Zorra murrizteko plana gauzatzen ari da zuzendaritza. 30 lanpostu suntsitu dituzte dagoeneko, eta aldi baterako langileen kopurua asko txikitzeko asmoa dute baita ere.
Kudeaketa txarra errudun
Petrolioaren krisia da, zuzendaritzaren aburuz, enpresaren egoera txarraren kausa. Baina arrazoi nagusia beste bat dela uste dute langileen ordezkariek: zuzendaritzaren kudeaketa kaltegarria. Administrazio kontseiluak azken urteetan eginiko hainbat ekintza aipatu dituzte: 2007. urtean 170 milioi euroko mailegua eskatu zuten akziodunen artean banatzeko. Almesa enpresa 25 milioi eurorengatik erosi zuten 2010ean, aurten 2,7 milioi euroren truke saltzeko.
Iñauxa saldu izana salatu dute baita ere, “irabaziak izan zituen Tubos Reunidos taldeko enpresa bakarra izan zen iaz”. Langileek argi dute: “Gestio eredu hori da enpresaren egoeraren erantzule bakarra”.
CELen etorkizuna, bihar
Tubos Reunidos ez da arazo zirimola batean murgilduta dagoen bakarra. Larria da baita ere Artziniegako Cel Technologies & Systems paper fabrikaren egoera. Lantegiaren zati bat hartzekodunen lehiaketan dago, enpresak Gueñes eta Zallan dituen beste instalazioekin batera. Gaurko egunak -azaroak 2- berebiziko garrantzia du, gaur aurkeztuko baitira enpresaren balizko erosleak. Hiru izan daitezke, iturri sindikalen arabera. Hala ere, ez dakite ziur zenbat aurkeztuko diren, ez eta zer enpresa-eredu proposatuko duten zehazki. Hori dela eta, etorkizun hurbil batean asko aldatu daiteke Artziniegako fabrikako beharginen egoera.
CEL
Gaur -azaroak 2- aurkeztuko dira enpresaren balizko erosleak, bakoitza bere ekoizpen planarekin.
Gometegui ere kinkan
Hartzekodunen lehiaketan dago baita ere Gometegui. banketxeekin 13 milioi euroko zorra dauka, eta arazo larriak ditu finantzaketa lortzeko. Bere bi bezero nagusienak zirenek utzi egin diote eskaerak egiteari, eta enpresak geroz eta zailagoa du kreditua eskuratzea, Banco Popularren bidez lortzen baitzuen finantzaketa gehiena, eta banku hori ere hartzekodunen lehiaketan dago gaur egun.
Hala ere, langileek ez dute mobilizaziorik egin momentuz, dituzten enkarguak egin ostean egoera hobetzea espero dutelako.
GOMETEGUI
Hartzekodunen lehiaketan dago fabrika, 13 milioi euroko zorra pilatuta eta finantzaketa lortzeko arazo larriekin. Dituzten enkarguak egin ostean egoerak hobera egingo duela uste dute beharginek.
Mobilizazioak
Tubos Reunidoseko langileek, aldiz, iragan asteko ostegunean ekin zioten mobilizatzeari. Asteartean ere lanuzteak egin zituzten, eta gaur jarraituko dute protestekin.
Urriaren 7 eta 9an izan zuten makinak gelditzeko asmoa. “Amortizazioak ekiditea zen oraingo mobilizazioen xedea, eta ez dugu lortu”, azaldu dute batzordetik. Horregatik, etorriko denari “iturria ixtea” da duten helburua. Eskualdeko alkateekin bildu dira, eta Arabako Batzar Nagusietako Enplegu Mahaira bertaratuko dira baita ere, euren egoeraren berri emateko.
Orain arte eginiko lanuzteen balorazio positiboa egin dute langileen arduradunek. “Ona izan da lan hitzarmenaren barruko beharginen erantzuna. Produkzioa ia ehuneko ehunean gelditzea lortu da ”. Jendea “zain” dagoela aipatu dute. “Badakigu neurri gehiago ezarriko dituztela”, ziurtatu dute, “hurrengo urteko lan-egutegian gauzak argi utziko dizkigute”.
McKinsey aholkularitza enpresak diseinatutako Plan creación de valor-transforma 360 izeneko dokumentuan zehaztu dituzte aplikatuko dituzten neurriak. Hala ere, langileek oraindik ez dakite zein den zuzendaritzaren plan zehatza. “Uste dugu mantentze-lanetako behargin kopurua % 25 murriztu nahi dutela, baina ez da oraindik jakinarazpen ofizialik egon”.
Ez da egoera xamurra aurrean dutena. “Langile gazte asko daude. Kaleratze gehiago badaude ez dira sustatutako bajak izango, neurri gordin eta traumatikoak baizik”. Sindikatuek gogorarazi dute enpresak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente bat izan duela irekita 2016. eta 2017. urteen bitartean, baina ziurtatu dute langileek ez dutela gutxiago lan egin. “Azpikoak geroz eta gutxiago gara eta goikoak geroz eta gehiago dira. Eurek sortu dute arazoa”.
Jabeek ez diote irabazteari utzi
Galerak izan arren, diru-kopuru esanguratsuak banatu ditu Tubos Reunidosek akziodunen eta administrazio batzarraren artean.
50,2 milioi euroko emaitza neto negatiboa izan zuen Tubos Reunidosek iaz. Enpresaren zuzendaritzaren arabera, “petrolioaren krisia” izan zen horren arrazoi nagusia, prezioak jaisteak hodien eskera txikitu zuela argudiatuta. “Sektoreak jasandako krisirik okerrenetarikoa izan da, petrolioaren prezioen beherakadak eragindakoa”, adierazi zuten urte hasieran. Hala ere, nabarmendu zuten 2017 “urte hobea” izango zela, enpresak %69 handitu zuelako bere eskabide zorroa.
1 milioi euro baino gehiago banatu zuten iaz administrazio kontseiluko kideen artean
Milioi bat 13 kideren artean
Galerak izan arren, urtearen amaieran milioi bat euro banatu zuten administrazio kontseiluko 13 kideen artean. Une hartan enpresako presidentea zen Pedro Abasolo Albonigak jaso zuen diru kopuru handiena: 382.000 euro. Iragan astean iragarri zuten Abasolok presidentetza utziko duela, 25 urteren ostean. Guillermo Ulacia Arnaizek hartuko du postua, abendutik aurrera.
244 milioi euro banatu zituen enpresak akziodunen artean 2007 eta 2014 urteen bitartean
214 milioi euro zazpi urtetan
Akziodunen artean ere diru kopuru handiak banatu dituzte, Enpresa Batzordetik azaldu dutenez. “Enpresak 214 milioi euroko irabaziak izan ditu 2007. eta 2014. urteen artean eta 244 milioi euro banatu ditu akziodunen artean”.
Enpresara bideratu beharreko dirua akziodunen artean banatzea leporatu diote langileen ordezkariek zuzendaritzari. 2007. urtean gertatutakoa jarri dute adibide gisa: “170 milioi euroko mailegua eskatu zuten akziodunen artean banatzeko, akzioen berrerosketa eta amortizazioa eman zedin”.