Sinadura bilketa abiatu duzue, zein da helburua?
Jose Mari Gutierrez: Hasteko, azaldu behar da ekimen honetarako Gure Esku Dagok izen berezia hartu duela, Aiaraldea Bat, hain zuzen. Aiarako Kuadrillako 5 herrietan gaude antolatuta: Laudion, Amurrion, Aiaran, Okondon eta Artziniegan. Leku guztietan jaso behar ditugu sinadurak udaberrian herri galdeketa deitzeko.
Horretarako zenbait baldintza jarri ditugu. Garrantzitsuena da aurretik herritarren % 10en babesa lortu behar dugula Laudion zein Amurrion, eta % 15ena gainerako herrietan.
Hala ere, 5.000 sinadura eskuratu nahi ditugu. Orain arte leku txikienetan oso ondo goaz: Aiaran, Artziniegan eta Okondon bete dira kopuruak, baina lanean jarraituko dugu. Laudion eta Amurrion 1.000 sinadura inguru dauzkagu herri bakoitzean. Edonola ere, Laudion ia 2.000 eskuratu behar ditugu. Bi aste ditugu oraindik, eta ondo doa dena. Hala eta guztiz ere, jendea animatzen jarraitu behar dugu, guregana etor dadin.
Nolakoa izaten ari da harrera?
Lamia Arcas: Auzoz auzo egon gara lanean, herritarron borondatearen bidez. Esaterako, Aretan triki poteoa antolatu zuten, eta hainbat sinadura jaso zuten. Latiorroko Jaietan giroa profitatu eta sinadura ugari jaso zituzten ere bai. Gazteak ere ari dira lanean, eurekin bildu ginen eta zerbait antolatuko dute. Apurka-apurka goaz. Batez ere, kalean eta egoitzetan ari gara lan egiten eta harrera tantaz tantakoa da. Ezin dugu esan ilarak sortzen ari direla, baina jendea pixkanaka barneratzen ari da egitasmoa. Momentuz informazioa zabaltzen ari gara eta harrera ona izaten ari da leku guztietan.
Zeintzuk dira baldintzak sinatzeko?
J.M.G: Aipatutako bost herri horietako batean erroldatuta egon behar da sinatzailea, eta edonon sinatu dezake. Adina ere bada beste baldintza bat. Azaroaren 15a baino lehenago 16 urte bete behar dira, egun horretan bukatzen baita epea. Herri galdeketaren egunean ere beharrezkoa izango da 16 urte izatea bozkatzeko. Hortaz, gerta liteke gazteren batek ez izatea aukerarik sinatzeko, baina bai botoa emateko.
Non sinatu daiteke?
Andoni Arribas: Laudioko Zumalakarregi etorbidean egoitza dago eta baita Amurrion ere. Oro har, jendetsuak izaten ari diren ekitaldietan ari gara parte hartzen; jaietan adibidez.
J.M.G: Egoitzan gutxienez 20 sinadura inguru jasotzen ditugu egunero. Gainera, hainbat elkarteren eta ELA eta LAB sindikatuen laguntza daukagu.
L.A: Laudion astelehenetik ostiralera arte gaude egoitzan 18:00etatik 20:00etara, eta 12:00etatik 14:00etara asteburuetan.
Kataluniako Procésak indarrak eman dizkizue, edo alderantziz?
J.M.G: Katalunian gertatu denaren ostean (elkarrizketa independentzia deklarazioa baino lehen egin zen), aldatu da Gure Esku Dagoren gainean nuen ideia. Nortzuk ez dute lan egingo erabakitzeko eskubidearen alde? Erabaki dutenek. Batzuek erabaki dute duela asko hemen ez dela ezer aldatu behar; edo, moldatzekotan atzera joko dugula. Ezinezkoa da beraiekin zerbait adostea, uste baitute ez dela ezer aldatu behar. Hori ez da jarrera demokratikoa. Demokraziaren kontrako jarrera horri, gainera, bortizkeria gehitzen badiozu, horrek izena dauka: faxismoa. Gertatutako guztiarekin, prest bazaude demokraziaren alde lan egiteko, pasatutakoak pizten zaitu, baina beldurra sortzeko ere egin dute. Adibidez, sinadurak jasotzean, gogoz etortzen dira batzuk Kataluniako Procésarekin nolabaiteko zerikusia duelako, baina beste batzuek galdetzen dute ea hemen bertan gertatutakoa errepikatuko den. Hori da beldurra.
A.A: Kataluniak bidea egin du norabide horretan eta orain Espainiar estatu osoan ikusten da legedia aldatu beharra dagoela, ez bakarrik Katalunian edo Euskal Herrian. Herriaren borondatea jasotzeko Konstituzioa aldatu behar da, baina ez kasu honetan, baizik eta guztietan. Ez dakit zer gertatuko den Katalunian, baina independentzia ez da auzia, erabakitzeko eskubidea baizik. Nik uste dut lortuko dela eskubide horrek lekua topatzea legedian.
L.A: Nire aldetik, uste dut gauza garrantzitsua ikasi behar dugula Kataluniako prozesutik. Bertan finkatu dituzte komunean dituzten helburuak, ez kontrakoa.
Esparru instituzionalean egoera ona izan arren, demokrazia bi bidek sortzen dute, herritarrenak eta erakundeenak, eta bateratuta ez badaude, ez du aurrera jotzen.
Horregatik Gure Esku Dago da giltza, bi mugimenduak batzeko. Sua piztu behar dugu Kataluniako egoera profitatzeko eta erakundeen esparruan baldintzak sortuz gero, erabakitzeko eskubidea lortzeko.