Jaitsiera nabarmena izan du Arabako Txakolinaren uztak aurten. 373.024 kilo mahats jaso dituzte guztira, iaz 659.126 kilo jaso zituzten bitartean. %43ko jaitsiera eman dela esan nahi du horrek. 345.000 txakoli botila ekoiztu ahalko dituzte lortutako mahats kopuruarekin, egin dituzten aurreikuspenen arabera.
Hainbat faktorek eragin dute uztaren txikiagotzean, jatorrizko izendapenaren arduradunen arabera. Martxoan eta apirilaren 27an egondako izozteak izan dira kausa nagusia. Maiatzean eta ekainean egondako harri-erauntsiek ere eragina izan dute. “Hortaz gain, mahasti askok mildiu gaixotasuna pairatu dute”, azaldu dute ekoizleek.
Aipatutako faktoreak medio, irailaren 19an ekin zioten mahats-bilektari, ohikoan baino 20 egun lehenago.
Hala ere, jasotako mahatsaren kalitatea “oso ona” dela azpimarratu dute.