Eskaera bat, hamaika adierazpen. Emakumeen ahalduntzea sustatzeko ekimen ugari egingo dira Aiaraldean datorren astean. Udalek eta elkarteek, kontzientziazio kanpainetatik harago, artearen adierazpen ezberdinak baliatuko dituzte horretarako: ipuin kontaketak, zineforumak, ikastaroak, arte ekintzak, argazki erakusketak...
Herri batzuetan, Artziniegan kasu, bertako emakumeek taularatuko dituzte antzezlanak. Hiriska elkarteko kideak izango dira, hain zuzen, “Las quijanas de Artziniega” obra aurkeztuko dutenak, La Encinan. Igandean izango da hitzordua, 19:00etan. Halaber, kirola aldarri tresna izan litekeela ulertuta, “Berdinkrossa” egingo dute hilaren 25ean. 17:00etan abiatuko da lasterketa frontoitik.
Azaroaren 24an, aldiz, Beldur Barik Aiaraldea ikus-entzunezkoen lehiaketaren sari banaketa egongo da Artziniega Museoan. Izan ere, urritik azarora eskualdeko hainbat gazte aritu dira eskola orduetan emakumeen ahalduntzea eta zapalkuntza islatzeko film laburrak sortzen. Amurrioko eta Laudioko ehundik gora pertsonak hartu dute parte dinamikan.
Zinema eskaintza oparoa egongo da baita ere eskualdean, emakumeen egoerari buruzko hainbat pelikula proiektatuko baitituzte.
Hitzaldien artean, aldiz, denetariko gaiak jorratuko dituzte. Atzo, esaterako, mikromatxismoei buruz aritu ziren Urduñan. Datorren ostiralean, aldiz, emakumeek politikan bizi duten egoera izango du hizpide Onintza Enbeitak Arakaldon, 19:30ean. Irantzu Varela ere etorriko da eskualdera, baina abenduaren 15ean izango da zita hori, Urduñako Alondegian. Ikastaroen alorrean, autodefentsa tailerrak izango dira nagusi, Okondon, besteak beste.
Zernahi gisaz, nabarmentzekoa da azken urteetan matxismoari aurre egiteko eskaintza anitza. Izan ere, haurrei, gazteei zein helduei bideratutako jarduerak prestatu dituzte eragileek elkarlanean. Horren adibide dira azaroaren 24an Laudioko liburutegian egongo den “Mutila edo neska, zer axola du” ipuin kontaketa; edota gau -azaroak 17- Laudion entzungai izango den Alicia Murilloren “Una grieta en mi destino” bakarrizketa.
Amagoia Elezkano
Azaroaren 25aren harira, herri gehienetan deitu dituzte genero indarkeria salatzeko kontzentrazioak. Laudiokoa, Urduñakoa, Orozkokoa eta Arespalditzakoa 13:00etan izango dira; Amurriokoa eta Okondokoa 12:00etan eta Artziniegakoa 14:00etan.
Orozkon azaroaren 25eko elkarretaratzea baliatuko dute Amagoia Elezkano auzokideari aitorpena egiteko, 13:10ean. Indarkeria matxistak erahil zuen Elezkano 2013. urtean.