Aiaraldeko hainbat sortzaileren topagunea izango da Durangoko Azoka

Txabi Alvarado Bañares 2017ko aza. 27a, 07:30

Landako gunea izango da azokaren epizentroa. / Azkue Fundazioa

Yogurinha Borova artista, Igor Arzuaga musikaria, Takoidun zapata gorria antzezlana eta  Mr. Pongo Band taldea egongo dira azokan. Urtzi Odriozola ere bertan izango da, Gamerauntsia proiektua aurkezten K@bia gunean. Anuntxi Aranaren “Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak” lana eskuratzeko aukera egongo da baita. Autobus bat antolatu dute azokara gerturatzeko ostiralean.

Abenduaren 6tik 10era egingo da Durangoko Azokaren 52. edizioa. 400 nobedade eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago egongo dira Landako gunean. Tartean egongo dira Aiaraldeko hainbat sortzaile ere, euren azken lanak aurkezten.

Yogurinha Borovak disko berria plazaratuko du azokan: Amari. Euskaraz eginiko abestien bilduma bat izango da. Abenduaren 6an aurkeztuko du artista laudioarrak lan hori, 18:00etan Ahotsenean.



Mr. Pongo Band-eko kideak ere diskoa labetik atera berri bertaratuko dira Durangora. Iker Arana kitarjole urduñarraren taldea larunbatean -abenduak 9- igoko da Ahotseneako oholtzara, 19:40ean, bere lehen laneko abestiak jotzera.

Igor Arzuaga, bi aldiz
Igor Arzuagak, bere aldetik, Nire begiak diskoa aurkeztuko du, gune berean. Abenduaren 8an izango da zita, 12:20an.

Baina musikari aretarra ez da pianoa jotzera mugatuko, Takoidun zapata gorria antzezlana taularatuko baitu Szenatokia gunean, Haizea Paris, Jabi de la Ydalga eta Mikel Ayllonekin batera. Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean egin dute lana eta larunbatean aurkeztuko dute. Lau sesio egingo dituzte: 13:30ean, 16:00etan, 18:30ean eta 19:00etan.

Bideojokoen k@bia
Urtzi Odriozola, bere aldetik, K@bia gunean egongo da, Gamerauntsia proiektuaren nondik norakoak azaltzen. Bideo-jokoen zaleen euskarazko komunitate bat eratzea da egitasmoaren xedea.

Anuntxi Aranaren liburua
Anuntxi Arana, bere aldetik, liburu argitaratu berri batekin iritsiko da azokara: Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak. 1985 urtean plazaratu zuen antropologo aiararrak liburu hori, baina orduko edizioa agortua dagoenez, berria atondu dute.

Eskualdeko autobusa
Durangora gerturatzeko autobusa aterako da eskualdetik abenduaren 7an, ostegunez. Hiru geldialdi egingo ditu garraioak.  16:00ean abiatuko da Urduñatik, eta 16:15etan zein 16:30ean hartuko ditu Amurrio eta Laudioko bidaiariak, hurrenez hurren.

Bi autobus egongo dira itzultzeko: 21:00etan eta 2:30ean. Tiketak 7 euroren truke eskuratu daitezke hiru herrietako udaletxeetan. Abenduaren 5a izango da horretarako azken eguna.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide