Euskarazko lehen serie digitala ekoizteko parte-hartzaile bila dabiltza

Erredakzioa 2017ko aza. 24a, 11:52

Next Station lehiaketak euskarazko webserie bat sortzea du helburu. Kontsumitzeko ohiturak aldatu egin direla ikusita, etorkizuneko telebista sortzeko talentu berriak aurkitu nahi dira lehiaketa honekin. Edonork har dezake parte, nahikoa da proposamenaren bideo bat bidaltzea abenduaren 15a baino lehen.

Ikus-entzule berriei bideratutako ikus-entzunezko formatu berriak sortzeko laborategia da Next Station. Hala, plataformak deialdi bat egin du euskal sortzaileak erakartzeko. Euskarazko lehen serie digitala ekoiztea da asmoa, azken-azkeneko teknologia erabiliz gainera, 4K ultra-bereizmena. Proiektu honen bidez seriearen denboraldi oso bat filmatzea da xedea, 6 kapitulu guztira. Antolatzaileej lehiaketarekin "formatu original eta berritzaileak" bilatzen dituzte, horregatik ideia guztiak dira ongietorriak eta edonork har dezake parte; profesionala izan ala ez.

Aurkezten diren proiektu guztietatik hiru aukeratuko dira beka baten bidez prestakuntza jasotzeko, eta azkenik, horietako batek lortuko du ametsa bete eta serie bat filmatzea.

Luis Berasategik, BBFko zuzendariak eta MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) zentroko ikertzaileak, sortu du Next Station plataformarako lan-metodologia. Prestakuntza-ibilbide berritzaile horren bidez hiru sortzaile horiek aukera izango dute beren proposamenak ekoizpen arineko dinamikekin fintzeko, ideiaren bilakaera sare sozialetan testatzen duten bitartean.

Ikus-entzunezko laborategi horren asmoa da sortzaileei laguntzea prototipoak egiten, ikus-entzunezko formatuak lantzen, narrazio-molde eta teknologia berriekin esperimentatzen eta ideia berritzaileak nazioartera eramaten. Ondoren, hautatuek aukera izango dute Next Station plataformaren kalitate-zigiluarekin nazioarteko merkatuetara jotzeko, bideragarritasun ekonomikoaren eta berrikuntzaren berme baita zigilu hori.

Nola parte hartu
Ideiak bideo formatuan bidali beharko dira, selfie eran edo bideo narratibo batean bidal daitezke. Gehienez ere minutu batekoa izango da bideoa eta proiektuaren garapena edo ideiaren berezitasuna azalduko dira bertan.

Abenduaren 15a baino lehen bidali behar dira bideoak, Next Station plataformaren Facebookeko profilera.

Aurkeztutako proiektu horietatik 20 aukeratuko dira, eta hautaketa bi modutara egingo da: batetik, aditu talde batek erabakiko du beren ustez zein diren ideia onenak, eta, bestetik, jendeak gizarte-sareen bidez eman ahal izango du bere bozka. Ondoren, hiru sortzaile hautatuko dira, beka baten bidez prestakuntza jasotzeko. Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen egoitzan, BBF eraikinean (Bizkaiko Berrikuntza Faktoria) eta Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan jasoko dute prestakuntza hori. Hiru horietako bat izango da lehiaketaren irabazlea, eta bere seriearen denboraldi oso bat grabatuko duena.

ETB, Netflix edota HBO
2018an ekoitzi eta filmatuko da seriea, ETBn emango da. Horretaz gain, nazioarteko hainbat merkatutara bideratuko da VOD plataformei saltzeko, hala nola Netflixi eta HBOri.

Next Station plataformaren eragileak
Plataforma publiko-pribatu hau talentu berrien alde ari da apustu egiten, eta komunikazio- eta informazio-teknologien goraldiarekin puri-purian diren ikus-entzunezko formatuak ari da bultzatzen. Proiektu horretan hainbat eragile dabiltza lanean: EIKEN (Ikus-entzunezkoen Euskal Klusterra), EITB eta hiru euskal ekoizpen-etxe (Media Attack, Develop Hub eta J.O.K. films). Laguntzaileak, berriz, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskaltel, Eusko Jaurlaritza eta Mondragon Unibertsitatea dira.

EITB eta EIKEN gidari direla, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektoreko hiru gazte ekintzaile elkartu dira formatu berrien laborategi hau martxan jartzeko: Diego Urruchi, Media Attack transmedia-agentziaren sortzailea; Elbio A. Nielsen, Develop HUB komunitatearen sortzailea eta presidentea (ikus-entzunezko proiektu berritzaileak bultzatzen ditu komunitate horrek eta sektoreko hainbat profesional biltzea lortu du arrakasta handiz) eta berrikuntza masterraren koordinatzailea; eta Jokin Etcheverria, J.O.K films etxearen sortzailea, eta Pirinioen bi aldeetako hainbat mediotan zinema ekoizlea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide