Opari bat dut zuretzat

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 2a, 13:49

Opari bat dut zuretzat, zuk erabaki zabaldu edo ez. 

Aspaldi konprobatu nuen: posible da eremu erdaldunean euskaraz bizitzea, borondate eta errespetu kontua da. Zorionez, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren deialdiari jarraiki, 4.000 lagunetik gora dira euskal hizkuntza erdigunera ekarri dutenak egunerokotasunean.

Makina bat jendek aldatu ditu, euskararen alde, komunikatzeko ohiturak. Baina dena ez da gozoa. Ziur nago, zoritxarrez, askotan entzun diozula aldamenekoari “hitz egin euskaraz” norbaiti esaten, ez bazara zu izan. Horrela ez al daramagu guk hizkuntza galzorira? “Euskara desagertuko da” bezalako esaldiak edo aginduak, niri behintzat, ez zaizkit iruditzen hiztun berriak aktibatzeko erakargarriak, ezta eraginkorrenak ere.

Hizkuntza hautua eskubide eta askatasun osoz hartutako erabakia izan behar da. Horregatik, Ahobizi naizen aldetik, asteotan konfiantza sortzea izan dut konpromiso pertsonala #30egunEuskarazAiaraldean ekimenean. Belarriprestak edo erdaldunak bultzada beharra du euskarari heltzeko; eta nik konplize izan nahi dut, konplizitatea sortu. Euskara ez da ez zu ez ni, denok gara: etorri-berriak, gazteak, edadetuak, umeak... Zentzu horretan badugu zer egina, zeresana ematetik harago.

Baina zer esan? Sartu ondo honako datuak buruan eta behar duzunean atera: munduan 6.900 hizkuntza daude, hiztun kopuruei erreparatuta 247. da euskara; munduko 30 unibertsitate baino gehiagotan irakasten da, Korrika da nazioartean hizkuntza baten aldeko ekimenik jendetsuena; euskara hutsezkoak dira tokiko komunikabide kontsumituenak; Google, ordenagailu edo telefono enpresek euskarazko bertsioak plazaratzeko erabakia hartu dute... Beraz, bagara nor. Ez dezagun gure burua -eta herria- gutxietsi. Uste duguna (eta batzuek uste dutena) baino gehiago gara.  

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide