Kirol jarduerak jasotzen dituen aplikazioa da Strava. Urte gutxian milioika erabiltzailek deskargatu dute programa, eta Aiaraldeko kirolariek ere bete-betean egin dute bat mundu mailako fenomeno bilakatu den tresna honekin.
Bizikletaz, korrika, oinez, igerian… orotariko ibilbideak erregistratzen dira Stravan. Guztira 31 kiroletako markak elkarbanatu daitezke, bitxienen artean yoga edo eskia daudelarik.
Kirolariei, ibilbide berriak ezagutu, distantziak alderatu edota elkarren artean denborak konparatzeko aukera eskaintzen die mugikor aplikazio honek. Era berean, sare sozial formatuan, kirolarien arteko harremana estutzeko tresna da Strava. Jatorriari dagokionez, 2009an sortu zen eta 8 urteko ibilbidean milioika lagunek baliatu dute euren kirol jardueraren berri emateko.
Urduñako eta Barrerillako mendateak dira txirrindulari gehien erregistratu dituzten errepideak
Eskualdean ere ehunka kirolarik erabili dute lanabesa.Enpresak “bero-mapa” interaktibo bat kaleratu du mundu mailan erregistratutako ibilbide guztiak erakutsiz. Aiaraldean ere Strava fenomenoa nabaria da, eskualdeko hamaika bide eta errepide agertzen baitira erregistratuta.
Programan ikus daitekeenez, Urduñako errepideka dira txirrindularien gogokoenak. Izan ere, Urduñako portua eta Barrerillako mendateak dira bizikleta jarduera gehien erregistratu dituzten errepideak. Korrikalarientzako aldiz, Ellakuriko atletismo zelaia da kirola praktikatzeko lekurik kuttunenetarikoa. Hori adierazten dute, behintzat, Stravaren mapako argiguneek.
Nerbioiko Parke linealean
Nerbioiko Parke Linealak ere jarduera ugari pilatu ditu, bereziki oinezko eta korrikalarien artean. Mendiei dagokienez, Stravako datuen arabera Txarlazo da eskualdeko igoera gehien jaso dituen gailurra.