Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Aiaraldeko aurreneko "birding gunea" atonduko dute Gorobelen. "Arabak beste birding ibilbide bat edukiko du, eta ibilbide ornitologiko horrek hegaztien zaletuak eta argazkilaritza espezializatuko profesionalak erakarriko ditu", adierazi dute. Besteak beste, okil handia, erregetxo bekainzuria, gabiraia, belatz handia edo antzandobi arrunta ikusteko parada eskainiko du zeharkaldiak.
Eremuari dagokionez, prentsa oharrean nabarmendu dute Gorobel Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua dela, baita Kontserbazio Bereziko natura gune babestua dela ere.
Urduñatik abiatuko da bidea
Seinaleztatu asmo duten bidea Urduñako Andra Mari elizatik abiatuko da. Desnibelari erreparatuz, 548 metro igo beharko dituzte mendizaleek. Ordu eta erdiko txangoa izango da, aurreikusi dutenez. Arabako Foru Aldundiak abenduan ekingo die egokitze eta seinaleztatze lanei. "9.000 euro inguruko inbertsioa egingo dugu".