Bi zita garrantzitsu izan zituzten eskualdeko txirrindulariek iragan asteburuan. Ostiralean -abenduak 8- Ametzagako Ziklokrosaren XXXII. edizioa izan zen. Luyando-Ganzedo taldeko Mikel Berazak 3. postua lortu zuen kadeteen kategorian. Amurrioko Txirrindularitza Taldeko Iñaki Guaresti, aldiz, bosgarren geratu zen Junior kategorian.
David Hidalgo amurrioarrak ere parte hartu zuen norgehiagokan, Elite kategorian. Koba Cycling taldeko kideak arazoak izan zituen lasterketa hasieran. Eguraldi txarra egin zuen, eta kirolariek elurrari zein lokatzari egin behar izan zioten aurre. Hala ere, hasierako oztopoak gainditu eta 16. postua eskuratu zuen amurrioarrak.
Igandean, aldiz, Igorreko XLI. Ziklokrosa egin zen. Berazak 5. postua lortu zuen bertan, eta hamabigarrena, aldiz, talde berean dagoen Ander Lopezek.