Gaur gauean egondako haizeteek eragina izan dute Aiaraldeko hainbat zonaldetan. Amurrioko etxebizitzen % 17a argi gabe zegoen gaur goizean, Amurrioko Udaletik jakinarazi dutenez. "Iberdrolarekin hitz egin dugu eta eguerdiko hamabietarako arazoak konponduko dituztela esan digute", azaldu du Josune Irabien alkateak. Herriko zonalde berdetan ere eragina izan du eguraldiak, hainbat adar eta zuhaitz erori direlako. "Kultur Etxeko tximinietako bat askatu da baita, erdi-eroria dago".
Urduñan ere eragina izan dute haizeteek. Antigua auzoan zuhaitz bat erori da eta argindarrik gabe daude hainbat etxebizitza. Suhiltzaileaketa udaleko langileak bertaratu dira kalteak konpontzera.
Laudion ez da argi mozketarik gertatu, udaltzainek jakinarazi dutenez. Hala ere, suhiltzaileak bertaratu behar dira Santa Luziako errepidera, zuhaitz bat erori delako bidera.
Aiaran zaborrontzi eta zuhaitz ugari erori dira. "Kexaa eta Ozeka artean egon dira suhiltzaleak, zuhaitz bat bidetik kentzen", jakinarazi du Gentza Alamillo alkateak. Artziniegan ere kalte txiki ugari eragin ditu haizeak. "Olioa birziklatzeko edukiontziak buelta eman du, makal bat erori da kiroldegian, adinekoen egoitzako harresiaren zati bat askatu da eta herriko beste hainbat zuhaitzek ere kalteak izan dituzte", Alberto Martinez auzokideak azaldu duenez.
Arrankudiaga-Zollon ez da aparteko gertakaririk jazo. Udaletik zehaztu dute argi mozketa laburrak -bost minutu ingurukoak- pairatu dituztela eta bide batean zuhaitz baten adar batzuk erori direla. Okondoko Udalak, aldiz, ez du inolako intzidentziaren berri jaso. Orozkon, aldiz, zuhaitz-adarrak erori dira bide batzuetara, udaletik jakinarazi dutenez. Arakaldon ez da aparteko ezer gertatu, Jabi Asurmendi alkatearen arabera.
Euria arratsaldean
Euskalmetek 11:30ak aldera utzi ditu bertan behera alerta laranja eta abisu horia. Goizean aterruneak egongo direla adierazi du agentzia meteorologikoak, baina jakinarazi du euria egingo duela arratsaldean.
Argazkiak: Alberto Martinez, Javier Ruiz Lili, Iratxe Murias eta Luisma Fernandez