Himalaya zeharkatuko du euskarak mendizale gazteen ahotan

Aimar Gutierrez Bidarte 2017ko abe. 14a, 08:31

Ekimenaren aurkezpena egin dute Laudioko zenbait ikastetxetan

Laudio eta Orozkoko hainbat ikastetxetan garatutako “Oxigenoa Euskarari” dinamikak aurrerapauso bat eman nahi du mendizale gazteak Himalayako gailurretara eramateko. Himalayako Sherpa herriarekin eginiko elkartruke kultural eta linguistiko batek gorpuztuko du proiektua. 12 ikaslek hartuko dute parte espedizioan, eta data zehaztuta dago dagoeneko: datorren urteko urriaren 6an abiatuko dira. Hainbat mendi igo eta inguratzea dute helburu.

7 urte daramatza “Oxigenoa Euskarari” dinamikak mendizaletasuna eta euskara Laudioko ikasleen artean sustatzen. 2010. urtean eman zioten hasiera ekimenari eta orduz geroztik ehunka gaztek egin dute bat mendian Julen Reketa mendi-gidari laudioarraren gidaritzapean. Laudioko Udaleko Euskara alorrak eta Mendiak eta Herriak Mendigidari Elkarteak martxan jarritako ekimena izanda ere, zazpi urte hauetan beste hainbat udalerritara zabaldu da egitasmoa: Barrundia, Orozko eta Lautadako herrietara esaterako.
Urte guzti horien ostean, ikasturte berriarekin batera, ekimenak salto kualitatibo handi bat eman nahi du: Euskal Herriko mendizale gazte talde batekin Himalaya zeharkatzea. “Oxigenoa Euskarari: Euskara 6000 metrotan” egitasmoa jarri dute abian horretarako. Euskal Herri osoko 12 gaztek Himalayara bidaiatu eta zeharkaldia burutuko dute bertako 12 sherpa gazterekin batera.


Goi mendietan ere euskaraz hitz egin daitekeela frogatu nahi dute, bai eta euskarak bizi duen errealitatea Himalayatik zabaldu eta ezagutarazi ere. Izan ere, “Euskara 6000 metrotan” dinamikak kulturen arteko trukea bultzatu nahi du. Euskal Herriko eta Sherpa herriko errealitate soziolinguistikoak elkarbanatzeko aukera izango dute mendizale gazteek, sherpa ere hizkuntza gutxitua baita.


Elkartasuna eta autogestioa izango ditu egitasmoak ardatz. Euskal Herri osoko gazteak saretu nahi ditu, eta zazpi probintzietako mendizale gazteak elkartzea dute xede, nerabe horiek euren adineko sherpekin harremanetan jarriz eta elkar ezagutuz.


Finantziazioari aurre egiteko, autogestioa bultzatuko dute egitasmoaren sustatzaileek. Espedizioan parte hartuko duten mendizale gazteek harremanak eta hainbat lanketa garatu beharko dituzte euren herri eta ikastetxeetan, ikasle eta irakasleekin babes taldeak sortuz eta proiektua zabaltzeko dinamikak martxan jarriz. Mendiak eta Herriak Mendigidari Elkartearen laguntzaz, gazteak propioki izango dira espedizioaren antolatzaile. Hainbat instituzio eta enpresen babesa bilatzeari ekin diote baita ere, hala nola, Iparraldeko Elkargoa, Eusko Jaurlaritza edota Nafarroako Gobernua.

Datorren urteko urrian
Espedizioak data dauka dagoeneko: aurreikusitakoaren arabera urriaren 6tik azaroaren 3ra burutuko dute zeharkaldia. 2018. urte hasieran, espedizio kideak behin zehaztuta, ekingo diete aurre-lanketa eta entrenamendu saioei. Zeharkaldian 6.000 metroko bi mendi eskalatzeko asmoa daukate: Island Peak (6.187) eta Lobuje Peak (6.119). 5.000 metroko beste hainbat gailur igaro eta Everest, Lhotse, Makalu eta Cho Oyu zortzimilakoak inguratuko dituzte ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide