Eskualdean zein Piriniotan eskiatzeko aukera, eskura

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 16a, 09:42

Hasi du eski denboraldia Elur taldeak. Eski kirolari dagokionean, hori da eskualdeko talde bakarra. Alabaina, Aiaraldeko mendi elkarteek ere antolatzen dituzte eski-estazioetara irteerak. Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta eta Artziniegako Ganzorrotz taldeak dira horietako bi.

Abenduko zubian ireki ziren elur kiroletako azpiegitura gehienak Espainian eta Frantzian. Amurrioko Elur taldeak ez zuen aukera galdu, txangoa antolatu baitzuen iragan astean frantziar PirinIotara eta.

Bi astero egiten dituzte ibilaldiak. Facebooken eta www.elurtaldea.com webgunean zabaltzen dute ekintzen berri. Nagusiki Frantziako Piriniotara jotzen dute, aitortu dutenez, arrazoi bikoitzagatik: “Gertutasunagatik eta kalitate-prezio eskaintzagatik”. Edozelan ere, Baqueirara birritan joatera zaletu dira partaideak. “Alpeetara irteera bat egiten dugu behintzat; izan Frantziara, Italiara, Austriara edo Suitzara”.

Bazkideei begira prestatzen dituzte txangoak, baina beso zabal hartzen dituzte gainontzeko eskizaleak ere: “Hasiera-hasieratik izan da gure helburuetako bat zaletasuna sortzea, eta horretarako ez dago irakastea baino bide hoberik. Bidaia bakoitzean gutako batek pare bat orduko klaseak ematen dizkie hasiberriei”. Hori dela eta, harro diote askoren irakasle izan direla.

Aiaraldeko elur aukerak

Aiaraldean gune ofizialik ez egon arren, asko dira eskualdeko mendietan barrena elurraz gozatzera atera diren kirolariak, baita elurrarekin praktika litezkeen kirol modalitateak ere. Gualdetxu MBT taldekoak, esaterako, Peña Negrara joan ziren Urduñatik zuriz jantzitako lurretan mendi bizikletan aritzera.

Oinezkoen artean ere ugari izan dira Txarlazo aldera jo duten herritarrak. Edota, Orozko ingurutik Gorbeia edo Oderiagara igota, gailurretik eskiekin irrist egitea erabaki dutenak. Aaron Garmendia da horietako bat. “Gallarraga eta Ganekogortako maldak ere onak dira, baina zaila izaten da elur dezenterekin topatzea”, adierazi du. Haren iritziz, Gorbeia da onena “jaitsiera on bat egiteko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide