Bi zita esanguratsu egongo dira abenduaren 24an. Amurrion izango da bata. Iazko esperientzia errepikatuko dute Amurrio Trail Taldeak eta Montes Solidarios eta APDEMA elkarteek. Babiora abiatuko dira Juan Urrutia plazatik goizeko hamarretan, 11:30etarako tontorrean egoteko helburuarekin.
Ekimen berezia izango da, aniztasun funtzionala duten hiru pertsonak hartuko baitute parte.
Egun berean, arratsaldean Artziniegak hartuko du lekukoa, Gabon-gaueko duatloia egingo baita herrian, 16:30ean abiatuta. Antolatzaileek ziurtatu dute “herri-giroko” jarduera izango dela, “adin guztiei zuzendurikoa”.
Urteko azken eguneko zitak
Urduñako Txarlazo mendi taldeak, aldiz, izen bereko mendira egingo du txangoa urteko azken egunean, 9:30ean Foru Plazatik abiatuta.
Baina urtea izerdia eginez agurtzeko zita esanguratsu bat badago eskualdean, Orozkokoa da hori, San Sivestre duatloia egingo baitute abenduaren 31n. 16:00etan abiatuko da lasterketa Zubiaur plazatik. Giro handia egon ohi da norgehiagoka horretan, jende askok mozorrotuta parte hartzen baitu.
Aukera egongo da ere 2018a kirola eginez hasteko. Urtarrilaren 1ean Gorbeiara edo beste mendi batzuetara igotzeko ohitura dago eskualdeko mendizaleen artean.