Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalisten saioa jaso du Amurrio Antzokiak orain arte urtero. "BECtekada" izenez ezagunagoa da ekimena, antolatzen duten 8.urtea baita. Datozen lau urteetan kantuan arituko den zortzikotea zehaztua dago: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi. Alabaina, finalistetako batek ezin zuen bertaratu, eta ondorioz, Jon Maiak hartuko du parte Naroa Sasietak zuzenduko duen emanaldian.
Urtarrilaren 4an izango da zita, 20:00etan Amurrio Antzokian. Sarrerak abenduaren 26tik aurrera egongo dira salgai kultura etxean 8 euroren truke. Aiaraldea hedabideak 2 sarrera bikoitz zozketatuko ditu urtarrilaren 2an erabiltzaileen artean.
Urduñako gaztetxeko saioa
Urduñako Gazte Asanbladak ere goi mailako ikuskizuna aurkeztu du. 20.urtemugaren ospakizunen baitan kokatu dute ekitaldia. "Abenduan ohi dugun lez, Urduñako gaztetxean bertso saioa antolatu dugu. Aurten, gainera, aitzakia ezin hobea dugu horretarako; Urduñako Gazte Asanbladak 20 urte betetzen ditu eta urtea bete ospakizun ibiliko gara", adierazi dute.
Abenduaren 29an izango da Urduñako saioa, "bertsoak zipriztinduko dituzte gaztetxeko bazterrak". Horretarako puntako sei bertsolari gonbidatu dituzte: Oihana Bartra, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Unai Agirre, Alaia Martineta Manex Agirre. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Aiaraldeko bertso eskolako kideak arituko dira. Antolatzaileen esanetan, bertsoak bukatutakoan aisirako tartea eskainiko dute: "Guatekea prestatu dugu!".
Orozkon, hirukoa
Gabonetako egitarauaren baitan urteak daramatzate Orozkon bertso jaialdia atontzen ere. Lehen frontoian egiten bazuten ere, Donibane Aretoan gauzatuko dute emankizuna, Potolari bertso eskolaren eta udalaren laguntzaz. Oholtzan abesten Beñat Vidal, Jone Larrinaga eta Txaber Altube egongo dira, herriko gai-jartzaileen esanetara. Hitzordua abenduaren 28an izango da, 19:00etan.