Gaur -abenduak 30- 18:30ean, kontzentrazioa deitu dute Laudioko Eroski aurrean larriki gaixo dagoen Ibon Iparragirreren askatasuna eskatzeko. HIESA pairatzen duen Euskal Preso Politikoa da Iparragirre. Egoera oso larrian dagoela eta kartzelatik kanpo egon beharko lukeela salatu dute behin baino gehiagotan eragile desberdinek.
Herrietako zitak
Abenduaren 31n Euskal Preso Politikoen etxeratzea eskatzeko mobilizazio deitu dute 20:00etan Amurrion. Laudion, aldiz, "denak gurekin!" lemapean, urteroko brindisa antolatuko dute Batzalarrin kalean 19:00etan, "preso, iheslari eta deportatuen alde".
Basaurira martxa
'KALERA' dinamikak Basauriko espetxearen aurrean protesta deitu du abenduaren 31n. Eskualdetik kotxe kedadak antolatu dira deialdira bertaratzeko; 11:00etan jarri dute hitzordua Amurrion Txokogorri parean.