Aisialdi garaia izaten dira gaztetxoenentzat gabonak. Artziniegan, Amurrion, Laudion, Urduñan eta Orozkon atonduko dituzte jolas-parkeak gabonetan. Eskualde osoan, ordea, makina bat ekitaldi egongo dira haurrentzat. Artziniegan bi egunez izan dituzte umeentzat jolasak kiroldegian, atzo arte.
Amurrio
Jolas-parke erraldoia bilakatuko da Amurrioko Bañueta kiroldegia urtarrilaren 2tik 5era. Ekintza eta ikuskizun desberdin ugari antolatuko dira bertan, 14 urtetik beherakoentzat zuzenduak. 12:00-14:00 eta 16:00-20:00 izango da gunearen ordutegia eta besteak beste rockodromoa, puzgarriak, kart zirkuitua eta barrakak egongo dira bertan.
Bestelako ekintzekin osatuko da Bañuetako kiroldegiko gabonetako egitaraua: urtarrilaren 3an disko festa egongo da eta urtarrilaren 4ean magia ikuskizuna.
Urduña
Urduñan ere umeentzako jolas-gune bilakatuko dute Udal Frontoia urtarrilaren 2tik 4ra. Urtarrilaren 4ean gainera Errege Magoen postariak umeen gutunak jasoko ditu bertan.
Laudio ere ez da atzean geratuko eta urtarrilaren 3an eta 4an umeentzako PINa antolatuko du Aldai Plazan. Gainera urtarrilaren 2an parke akuatikoa prestatuko dute kiroldegian.
Orozko
Orozkon ere gabonetako parkea antolatuko dute kiroldegian urtarrilaren 3an eta 4ean, 11:00etatik 14:00etara. Diskodantza ere antolatuko dute arratsaldez: urtarrilaren 3an 17:00etatik 19:00etara, 0-10 urte bitarteko umeentzat; eta, urtarrilaren 4ean, aldiz, 11-16 urtekoek egingo dute dantza 19:00etatik 21:00etara.
Zentzumenak piztuz
4 eta 11 urte bitarte umeentzat gainera ekintza gehigarria antolatuko dute Orozkoko Museoan. "Zentzumenen Museoa" deituriko ekintzak 40 minutuz zaporeak, usainak eta koloreak aztertzen jarriko ditu jolas bidez herriko gazteenak.