Iazko udaberrian burutu zen inkestaren emaitzak plazaratu ditu Arabako Foru Aldundiak. Galdetegian Arabako 14 ikastetxetako 11 eta 17 urte bitarteko 2.023 ikaslek hartu zuten parte, tartean laudioarrek eta amurrioarrek.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak eta Laudioko eta Amurrioko udalek bultzatutako ikerketak alkoholari buruz zer dakiten eta zer ohitura eta jokabide duten galdetu die bederatzi herritako ikasleei. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak, eta agerraldian izan ziren Natxo Urkixo eta Josune Irabien alkateak.
Alkoholaren kontsumoa adin txiki eta goiztiarrean
Ikerketak agerian utzi du alkoholdun edarien kontsumoa oso adin goiztiarretan hasten dela. Bataz bestez 12 urte eta erditan kokatu dute alkohola edaten hasteko adina. Galdetegiaren arabera 15 urte dituzten gazteen artean hamarretik 8k edo 9k probatu dute alkohola.
Inkestan parte hartutako gazteen %62ak aitortu du inoiz alkoholdun edariren bat edan izana. Ikerketaren ondorioz, familia harreman onak dituzten gazteen artean kontsumoa baxuagoa da.