Euskadiko Txirrindulari Elkarteak plazaratu ditu aurtengo txapeldunen izenak. Atzo izan zen Izarran azkeneko norgehiagoka, euriteek ezaugarritutako zirkuituan. Aitor Hernandez eta Olatz Odriozolarekin batera, Luisa Ibarrola saratxoarra izan zen protagonistetako bat.
Luisa Ibarrola irabazle, alde nabarmenarekin
Denbora markei erreparatuta, nagusiki gailendu zen Ibarrola, bigarren sailkatuarekiko (Amaia Lartitegi) 8 minutu eta 7 segundoko abantaila lortuta. "Emakumeen lasterketan Luisa Ibarrola juniorra gailendu da berriz ere, oso arin atera zen, baina Olatz Odriozola eliteko partaideak aurreratu zuen probaren erdialdean", nabarmendu dute antolatzaileek. Odriozolak eskuratu zuen Euskadiko txapela eliteen artean, eta Ibarrolak junior mailan. Guztira, 50 minutu eta 12 segundo behar izan zituen saratxokoak ibilbidea osatzeko.
Iosu Isasi garaile
Iosu Isasi arespalditzarrak ere jaso du denboraldi onaren saria. Izan ere, enegarrenez zapaldu zuen podiuma 40 urtetik gorakoen gizonezkoen modalitatean. 45 minutu eta 59 segundo eta gero bukatu zuen zirkuitua aiararrak; eta bigarrenari 38 segundoko tartea atera zion.
Iñaki Isasik bosgarren bukatu zuen proba, Aitor Hernandez garaileak 4 minutu eta 38 segundoko aldea ezarri baitzion.