Aiaraldea hedabideak tokikotasunari bestelako edukiak gehitzeko apustua egingo du 2018an. Gauzak hala, hainbat dinamika jarriko dira martxan urtean zehar. Urtarrilean, esaterako, sare sozialetako erabiltzaileen irudi ikusgarrienak biltzeko "Eguraldia Aiaraldean" kanala. Modu horretan, eskualdeko paisaiak eta inguruak emango ditu ezagutzera komunikabideak, herritarren sormen lanak plazaratzearekin batera.
"Aiaraldea Txiki" atalaren berriketa
Urtarrilaren 17an argitaratuko da hurrengo "Aiaraldea hemen" aldizkaria. 2017ko apirilean egindako jauziaren ondotik -diseinua eta hainbat atal berritu ziren- umeei bideratutako 2 orriek ekarpen berriak izango dituzte. Besteak beste, txisteak, marrazkiak eta asmakizunak argitaratuko dituzte aiaraldeko umeek. Lanak egunkaria@aiaraldea.eus helbidera igorri beharko dira, egilearen izen-abizen, herri eta adinarekin batera.