Lehenik eta behin, batezbesteko, zenbat pisu irabazten du jendeak Gabonetan? Horrek ondorio kaltegarriak ditu gorputzean edo kontu estetikoa besterik ez da?
Gabonetan ohituraz egiten ditugun otordu oparoek faktura pasatzen digute argi eta garbi, baina ez da hainbeste kiloetan kontatu beharreko kontua.
Tripakadak hartzeak ez dio inori on egiten eta bata bestearen segituan eginda are gutxiago, edonork daki hori. Gainera, tripakada horien ezaugarria da elikagai ez osasuntsuak hartzearen ondotik egindakoak direla eta konbinazio horrek dakartza eragin negatiboak.
"Erruak, antsietateak eta permisibitateak ziklo biziosoan sartzen gaituzte"
Horrez gain, erruaren sentimenduaz lagunduta dauzkagu horrelako datetan, antsietatea, permisibitatea eta kulpa, ziklo erabat biziosoan sartzen gara beste behin. Hala ere, badago aukera menu arinagoak egiteko eta badaude baita antsietatea eragozteko teknikak.
Ondorio kaltegarriak, batez ere, emozionalak dira fisikoen aurrean, gorputza oso azkarra da eta jasan behar dituen gehiegikeriek sortzen duten estresa, egun batzuk eta gero gorputzak bere horretara bueltatzea lortzen du, hasierako bizi ohitura osasungarrietara bueltatuz gero.
Arazoa da aldaketa hori egin ez eta pilatu egiten denean.
Zein da modu osasuntsuena horri aurre egiteko? Jendea obsesionatzen da horrekin arrazoirik gabe?
Pisua hartzea negatiboa edo positiboa izan daiteke, norberaren arabera. Pisua hartzeko joera gero eta handiagoa dago, baina arazoa ez da hori, elikagai osasungarrien kontsumoa jaisten ari dela baizik.
"Pisua hartzea negatiboa edo positiboa izan daiteke, norberaren arabera"
Guztioi gustatzen zaigu janari koipetsuak eta oso prosezatuak jatea noizean behin, baina gure burua hezi behar dugu elikagai osasuntsuak ere gustuko izateko.
Gabonetako menuak arinagoak diseinatzea garrantzitsua da eta janari piloa eskaintzearen antsietateari aurreratzea. Horrez gain, hori ekidin ezin izan badugu, Gabonak behin pasata, gure bizi ohitura osasuntsuetara bueltatzea edo ohitura osasungarriak hastea da gakoa.
Ez ditugu gure hegalak moztu behar, baina gure burua entrenatu eta zaindu behar dugu.
Gabonen ostean jaten duguna zaindu behar da bereziki?
Bai, gorputza ahul eta ondoez sentitzen bada, horregatik izan daiteke, eta mimoen garaia da. Zopak eta pureak, entsaladak, fruta, plantxan egindako elikagaiak, epel prestatutakoak...
Neguan zeintzuk dira aintzat hartu behar ditugun irizpideak elikaduran?
Urtaro guztiek dituzte sasoian hazten diren elikagaiak. Tenperaturaren arabera elikagai batzuk hobeto doitzen dira klima epel edo hotzera, eta horren arabera dira oparoagoak, nutrienteez beteak, ekologikoagoak eta, ondorioz, merkeagoak.
Esan nahi dudana da, elikagaien zikloa ezagutu eta errespetatzea garrantzitsua dela gure zikloaren antzekoa izaten delako, eta erosketa osasungarria egitea ahalbidetzen duelako.
"Elikagaien zikloa ezagutu eta errespetatzea garrantzitsua dela gure zikloaren antzekoa izaten delako"
Orokorrean zeintzuk dira buruan izan behar ditugun ideiak elikadurari erreparatzeko?
Elikadura osasungarria ez da denetariko elikadura izan behar derrigorrean. Jaten dena ona dela eta gure beharrak asetzen dituela jakin behar dugu, eta ez denetarik jan zoramen batean.
Horretarako, ulertu behar da elikadura prozesu luzea dela, eta dedikatu beharrezko denbora patxadaz egin behar dela; ulertu nondik datozen elikagaiak, zergatik ekologikoa, bertokoa, sasoikoa, nola prestatu, konbinatu, manipulatu, kontserbatu...
Ez da gauza zaila, edonork uler dezake, eta presaz gabiltzan egunerokotasunean gure lehentasunen zerrendatik kanpo uzten dugun zerbait da, itxuraz tomate mutante batek eta tomate oso batek itxura berdina dutelako, eta hor sartzen dugu hanka. Beraz, prozesu osoa patxadaz hartzea baino ez nuke gomendatuko.