Elikagaiak jasoko dituzte Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko

Erredakzioa 2018ko urt. 11a, 07:00

Elkartasun karabanaren bidez eramango dituzte elikagaiak Tindufera. / Aiaraldea.eus

Eskoletan eta Amurrio eta Laudioko supermerkatuetan egongo dira janaria eta behar-beharrezko produktuak jasotzen.

“Piztu itxaropena” elkartasun karabanaren XIV. edizioa prestatu dute Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren -SEAD- aldeko elkarteek. Tindufeko -Argelia- errefuxiatuen kanpalekuetara elikagaiak eta premia-premiazko produktuak eramatea da egitasmoaren xedea. Horiek biltzeko kanpaina egingo dute Aiaraldean, urtarrileko bigarren hamabostaldian.

Amurrion hilaren 19 eta 20an egongo dira, Eroski, Berriak eta Diaren supermerkatuetan. Laudion Eroski eta Berriaken egongo dira, 26 eta 27an. Avillo alargunen elkarteak eta Solastiar eta Jakaranda taldeek lagunduko dute bilketan. Eskoletatik ere igaroko dira, 22tik 29ra bitartean.

3.400 kilo janari bildu zituzten iaz eskualdean, eta aurten beste horrenbeste lortzea espero dute. "Kopurua mantentzea garaipen bat izango litzateke guretzat", adierazi du Ana Martinezek. SEADen lagunen elkarteko kideak nabarmendu du geroz eta okerragoa dela errefuxiatuen kanpalekuetako egoera: "geroz eta beharrizan gehiago dituzte eta laguntzak geroz eta gutxiago dira. Ez dakigu datorren urtean karabana antolatzeko aukerarik izango dugun".

Boluntario gisa parte hartzeko deia
Bilketan boluntario gisa parte hartzeko aukera luzatu dute ekimenaren antolatzaileek.  619 030 834 edo 945 393 887 telefonora deitu behar da horretarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide