Sari gisa Abiaga jatetxean dastatze menuaz gozatzeko aukera izango du Cuartangok, beste pertsona batekin batera. Urtarrilaren 8tik 14ra izan da bozketa fasea, eta guztira 517 lagunek hartu dute parte. Irudi kopuruari dagokionez, 18 lan aurkeztu dira. Argazki guztiak daude ikusgai atarian.
"Argazkizaleen lanak plazaratzea da egitasmoaren helburua, komunitateari informaziotik haragoko eskaintza luzatzearekin batera", adierazi du Izar Mendiguren hedabideko zuzendariak. Zentzu horretan, aurreratu duenez, aurten dinamika ezberdinak proposatuko dituzte; eskualdeko argazki zaharren artxibo digitala osatzea edota tokiko sorkuntza lanen zabalpena areagotzea kasu.
Hedabidearen oharra
Lehiaketa irabazi duen argazkia bozkatzeko epea agortzeko bi egun falta zirenean sareratu zen. Izan ere, Nagore Cuartangok urtarrila hasieran bidali zuen sare sozialen bitartez, baina erredakzio taldean ez zen jaso hilaren 12ra arte. Azken bi egun horietan jaso zituen boza guztiak.