2010ean antolatu zen lehenbiziko aldiz Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketa, eskualde guztietako bertsolariak eta bertsozaleak elkartu eta bertsolaritzaz beste ikuspegi batetik gozatzeko aukera eskaintzeko.
Aurtengoa 5. edizioa izango da eta txapelketaren harrerak nabarmen egin du gora urte hauetan guztietan. Orotara 14 talde aurkeztu dira norgehiagokara: 59 bertsolari eta beste hainbeste gai-jartzaile, musikari eta abar.
“Alfreedo”: Aiaraldeko ordezkaritza
Aiaraldeko bertsolariak ere elkartu dira koadrila artekoan parte hartzeko. Amurrioko bertso-eskolaren inguruan batzen diren Izar Mendiguren, Asier Rubio eta Unai Mendibil bertsolariek osatuko dute taldea Samuel Pasandin, Iñaki Cabeza, Roberto Trujillano, Irati Mendiguren, Uztai Largatxa, Ainhoa Garayo eta Iker Roizekin batera.
Izan ere, taldeak parte-hartzaileak behar du izan eta bertsolariekin batera gai-jartzaileak, argazkilariak, soinu-teknikariak eta musikariak arituko dira elkarlanean.
Aiaraldearrek “Alfreedo” izena jarri diote taldeari Alfredo Remirez preso amurrioarraren omenez. Lehenengo saioa urtarrilaren 26an izango dute Aramaion.
Bi plaza eskualdean
Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketaren bi saio eskualdean egingo dira. Lehenengoa otsailaren 2an izango da Laudioko Basalarrina euskal topagunean.
Bertan Aiaraldeko taldea Mendialdekoaren aurka arituko da. Saioa 21:00etan hasiko da eta afari batekin lagunduko dute. Prezioa 15 eurokoa izango da eta izen ematea 677 011 098 telefonoan egin beharko da.
Bigarren saioa, otsailaren 24ko Amurrioko Gaztetxeko finalaurrekoa izango da. Bertan ebatziko da martxoaren 17ko Gasteizeko finalean arituko diren hiru taldeetako bat. Saioa 19:30ean hasiko da eta sarrera librea izango da.