“Gazte indarra” programa abiatu du Udaltalde 21 erakundeak. Egitasmo horren helburua izango da langabezian dauden 50 gazte “merkataritzaren eta zeharkako konpetentzien alorretan” trebatzea. Enpresetan praktikak egiteko aukera eskainiko zaie, eta enplegu-bilaketan laguntza pertsonalizatua jasoko dute baita ere.
Arakaldo, Orozko eta Urduñako 16-29 urte bitarteko gazteei zuzendua dago ekimena -horiek baitira Udaltalde 21 barruan dauden Aiaraldeko hiru udalerriak- eta izena emateko epea irekita dago dagoeneko. 94 466 64 00 edo 94 632 20 14 telefono zenbakietara deituta edo gazteria@ftsi.es postara mezu bat bidalita lortu daiteke informazio gehiago.
Orientazio programa
Beste programa bat ere sortu dute, 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. “DBH 4. eta Batxilergoko 2. maila artean dauden herri horietako ikasleei eta euren familiei zuzenduta dago”, adierazi dute ekimenaren antolatzaileek, “gazteak euren formazioaren eta etorkizuneko lanaren inguruko erabaki garrantzitsuak hartzen laguntzea du helburu”.
Saioak egingo dituzte horretarako herrietan. Urtarrilaren 31an eta otsailaren 1ean izango dira Urduñakoak, Alodegian. Orozkon, aldiz, otsailaren 7an eta 8an egingo dituzte, Gaztetxokoan.
Ekitaldi horiek bi zatitan banatuak egongo dira: 17:30etatik 19.30etara gazteekin arituko dira eta 19:30etatik 21:30etara gurasoekin. Parte hartu nahi dutenek bezperan eman beharko dute izena beranduenez. Arakaldoarrek gazteinfo.ugao@ortzadar.es helbidera mezu bat bidali beharko dute horretarako, orokozarrek infoinduma@yahoo.es-ra eta urduñarrek kultura@urduna.com-era. Hemen eskuratu daiteke programari buruzko informazio gehiago.