"Mankaos taldearen arima azaleratzen dugu kontzertuetan"

Aitor Aspuru Saez 2018ko urt. 19a, 07:20

Ezkerretik eskuinera; Josu, Aitor, Javi Perez eta Javi Markinez. / Aiaraldea.eus

JOSU MARTINEZ, AITOR PEREZ, JAVI PEREZ eta JAVI MARKINEZ musikariek osatzen dute Mankaos taldea. Disko berria plazaratu dute aste honetan, eta laster oholtzetara igoko dira jotzera.

Mankaosek disko berria argitaratu du, zer topatuko du entzuleak?

Rock, besterik ez. Rockean oinarrituriko bederatzi abesti. Bi gitarra, baxua eta bateria. Geuk asmatutako melodiak eta letrak. Horixe topatuko du.

Aurreko diskoen jarraipen naturala da, gure ustez. Gustuko dugu abesti horiek jotzea, batez ere zuzenean: distortsioa, tarte akustikoagoak, batzuk oso zuzenak, beste batzuk korapilatsuagoak; denetarik dago, gauza benetan atsegingarrietan bezalaxe.

Aipatzen duzue zuen musikak zorra duela 90eko  noise, grunge eta rock taldeekin. Zein talde dira horiek?

Ez dakigu horrelako taldeekin zorretan garen edo ez. Baina jakin badakigu horrelako taldeak gogoko ditugula, horiekin hezi eta hazi baikara, entzuten ditugulako etxean, autoan.

 

"Aurreko diskoen jarraipen naturala da hau"

 

Horregatik litekeena da eraginen bat antzematea (edo ez) diskoa entzutean: Jane's Addiction, Smashing Pumpkins, Afghan Whigs, Sebadoh, Pavement, Built to Spill, Dinosaur Jr, Shellac, PJ Harvey, Jawbox, Jawbreaker, Fugazi, Lagartija Nick, Manta Ray, Dut, BAP. Eta mila, milioi bat gehiago. Erreprodukzio-zerrenda amaigabea liteke.

Disko hau ere zuen kabuz argitaratu duzue, zein da zuen lan eredua?

Lan eredua, lana, lan egitea… Lana baino, gure aisialdiko tarte luzeak betetzen dituen jardueratzat hartzen dugu guk musika.

Eta nola erabiltzen ditugu une horiek, elkarrekin gaudenean? Munduko talde erdiek bezalaxe, guk uste: Gutariko baten bat lokalera heltzen da ideia batekin (melodia, letra, erritmo bat), eta guztion artean garatzen dugu.

 

"Gozatzeko jotzen dugu Mankaosen"

 


Abiapuntu argirekin: “DIY/Zuk zeuk egin”, eta gozatu. Gozatzeko egiten dugu hau, eta egoerak ez badigu uzten, utzi eta geroxeago hartzen dugu berriro, planetak berriro lerrokatu arte.

Zuen aurkezpenean esaten duzue zuentzat arrakasta dela oraindik elkarrekin jotzen jarraitzea, 2000. Urtean hasi zinetelako. Zein izan da Mankaosen ibilbidea?

Bai, 18 urte jada elkarrekin... Hainbat taldetatik etorrita bildu ginen Mankaosen: Javi M. (gitarra, koruak) eta Aitor (gitarra, ahotsa) Crazy Dinos eta Qbert taldeetatik zetozen; Javi P. (baxua, koruak), Den O Sin taldetik.

Askoz gazteagoak ginen, betebehar gutxi, eta hasi eta urte betera kaleratu genuen gure lehenengo diskoa, ez guztiz autoekoiztua. Kontzertuak, taldekideen joan-etorriak… Bi bateria-jotzaile igaro ostean, Josu heldu zen, orain dela 10 bat urte.

Bera baterian zegoela grabatu genuen gure bigarren diskoa, “Memoria de la Procedencia”, 2013ko amaiera aldera. Kontzertu asko eta onak egin genituen, gustura, oroitzapen politak dakarzkigu garai horrek.

Entseatzen jarraitu genuen, abestiak grabatzen. Hortik atera genuen EP labur bat, “Clavado”, 2016ko abenduan. Giza eboluzioari dagozkion arrazoiak direla medio (hau da, aitatasuna, baina kubora), ezin izan genuen EP hori behar bezala aurkeztu.

Urtebete geroago, hau da, aste hauetan zehar, gure azkeneko diskoa aurkeztuko dugu, “El mar en la montaña”, eta pozarren gaude. Autoekoiztua da, eta ezagutarazi nahi dugu kontzertuetan.



Zein da sekretua talde batek hainbeste iraun dezan?

Egia esan, ez dakigu, gorrotoa besterik ez diogulako elkarri, kar-kar. Ez, lagunak gara, beste arrazoi sakonik ez dago, egiten dugunarekin eguneroko presiotik aldentzen saiatzen gara. Elkarrekin jotzea gustuko dugu.

 

"Lagunak gara eta horregatik iraun du taldeak hainbeste"

 


Musika garrantzitsua da guretzat; aldi berean, dibertigarria. Gustu ezberdinak izan arren, bakoitzak bere harri-koskorra ekartzen du abestietara, eta hori oso ondo dago, abesti bakoitza guztion isla baita.

Horrez gain, musikari buruz berba egitea gustatzen zaigu, musika entzutea, ahal bada kontzertuetara joatea… Eta helburu komun eta zehatz bat izatea ere: estadioak betetzea. Hori gertatzen ez den bitartean elkarrekin segituko dugu, ez izan dudarik.



Ezagutu nahi zaituenak, non egin dezake?

Mankaoseko arima kontzertuetan agerrarazten saiatzen gara. Beraz, saiatuko gara hurrengo kontzertuetako datak helarazten. Printzipioz, otsailaren 17an joko dugu La Meca tabernan 20:00etan. Informazio eguneratua edukitzeko, hona hemen esteka batzuk:

www.facebook.com/mankaos.rock

mankaos.bandcamp.com

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide