"Karlistaldiak oso krudelak eta bortitzak izan ziren eskualdean, Gerra Zibilean baino jende gehiago hil zen"

Aitor Aspuru Saez 2018ko urt. 22a, 08:51
Aketza Merinok prentsa eta udal fitxategiak ikertu ditu liburua idazteko. / Aiaraldea.eus

AKETZA MERINO (Amurrio, 1987) historialari gazteak liburu berria idatzi du karlistaldien inguruan. Gerrek eragin handia izan zuten Aiaraldean eta hildako utzi zituzten.

Zeri buruzkoa da idatzi berri duzun liburua?

Liburu honetan XIX. mendean Euskal Herrian, eta Aiaraldean barne, gertatutako hiru gerrei buruzkoa da: Independentziako Gerra eta bi Karlistaldiak. Baina beste gertakizun batzuen berriak ere eman ditut, gehienak orain arte argitaratu gabeak.

Gainera, kontakizunak ez ezik, garai hartako aldaketak azaltzen ditut.

Zein urteetan jazo zen aro historiko hori guztia?

Liburuan XVIII. mendeko azken hamarkada eta XIX. bukaeraren arteko historiak bildu ditut, baina ildo nagusia 1808tik 1876ra bitartean kokatzen da.

68 urte dira guztira eta hauetariko 15etan gerra egoera nagusi izan zen: hortik dator liburuaren izenburua.

Zein izan zen guda horien emaitza eskualdean? Zer nabarmenduko zenuke zuk?

Karlistaldiak azaltzen direnean Zumalakarregi edo Santa Kruz apaiza bezalako pertsonaiak aipatzen dira, baina hori ez da nahikoa gure eskualdean gertatutakoa azaltzeko.

 

"Karlistaldietan gerra zibilean baino jende gehiago hil zen"

 

Aiaraldean bi karlistaldien eragina izugarrizkoa izan zen, eta hemen beste protagonistak izan genituen, orain ahaztuak dauden arren: Ibarrola anaiak, Prudencio Sopelana, Juan Antonio Goiri karlistak, edo Francisco Linage militar liberala, Esparteroren hurrengoa izan zena.

Beste aldetik, nik azpimarratuko nuke gerra hauetan bortxakeria eta krudeltasuna izugarriak izan zirela. Hildako asko egon ziren hemen: Gerra Zibilean baino askoz gehiago. Eta ondorio ekonomikoak ere oso larriak izan ziren.

Eragin handiko gatazkak izan ziren eskualdean, zergatik?

Aiaraldea ez da nabarmentzen bataila handien lekukoa izateagatik. Baina borrokaldiak ohikoak izan ziren. Armada liberala eta karlistaren arteko gatazkak etengabeak izan ziren: bata bestearen atzean ibiltzen ziren une oro.

 

"Karlistek eskualde osoa kontrolpean izan zuten gerretan"

 

Hala ere, bi karlistaldietan gauza bera gertatu zen: azkenean karlistek eskualde osoa bere kontrolpean hartu zuten, Estatu Karlistaren menpe, bi gerrak amaitu arte. Horregatik, leku segurutzat izan zuten Aiaraldea: hemen espedizio batzuk prestatu zituzten, tropak kantonatuak egon ziren han hemenka, etab.

Dena den, bataila garrantzitsuak ere egon ziren. Adibibez, Lehenengo Karlistaldian, 1836ko martxoan, bi egon ziren, bata Urduñan bertan eta beste Artomaña eta Untzaga arteko igoeran.

Zein ezberdintasun nagusi egon ziren gerra batzuen eta besteen artean?

Gerra bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Independentziako Gerran gerrillak egon ziren, baina azkenean gehienak bidelapur hutsak bihurtu ziren.

Bestalde, Bigarren Karlistadan trenak garrantzi handia izan zuen Aiaraldean. Bi karlistaldien artean teknologia asko garatu zen.

Nora jo duzu dokumentazioa lortzeko?

Gehiena garaiko prentsatik hartu dut. Baina gerrak herrietan izan zuen eragina aztertzeko Urduñako udal liburuak erabili ditut, eta Bizkaiko Foru Artxibategian dauden beste dokumentu batzuk.

Dena den, ez zen nire asmoa ikerketa sakona egitea eta oraindik gai honi buruz askoz gehiago jakin dezakegu beste artxibategiak begiratu ostean.

Nola eskuratu daiteke liburua? Aurkezpenik egingo duzu?

Aurkezpen edo hitzaldiren bat egingo dut, baina oraindik zehaztu gabe dago. Proposamenak entzuteko prest nago ere. Momentuz, eskuragarri dago Amurrion (Kioskoan, Estankoan eta San Joseko estankoan) eta Urduñako liburudendetan.

Espero dut laster Laudion ere egotea. Hala ere, nirekin harremanetan jartzea ere posible bada, bai sare sozialen bidez, nire blogaren bidez edo edozein modutan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide