Alerta laranja aktibatu du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gaur osteguneko 18:00etatik ostiraleko 12:00etara bitartean: “Goi latitudeetan aire-masa hotza eta hezea sartuko denez, horren ondorioz tenperaturek nabarmen egingo dute behera, prezipitazio ugariak izango dira, batez ere kantauriar isurialdean, eta elurra oso behean egingo du”, adierazi dute. Nabarmendu dutenez, 300-400 metrotan kokatuko da elurra maila, “baina beherago ere egin dezake batez ere zaparraden intentsitatearen arabera”.
Elurra mara mara ari du Altube portuan Bilborantz.___ Nieva copiosamente en el puerto de Altube hacia Bilbao. #alertalaranja #elurra pic.twitter.com/iXkN7HMq3i
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) 2018(e)ko otsailak 1
Hurrengo egunetan hotza
Asteburuan tenperatura baxuek jarraituko dutela adierazi du Segurtasun Sailak, baina ez du zehaztu elurra egiten jarraituko duen edo ez.
Horregatik guztiagatik, hainbat prebentzio neuri helarazi dituzte, herritarrek kontuan izan ditzaten:
Bidaiatu behar baduzu:
• Aldez aurretik eskatu errepideen egoerari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako trafiko-zerbitzuaren 011 telefono-zenbakiaren eta Twitter (@trafikoaEJGV) bidez, eta egoera meteorologikoari buruzkoa Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.
• Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea
• Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili.
• Edonola ere, jarraitu beti Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak Twitter eta Internet bidez
Mendira joan behar baduzu:
• Alerta laranja aktibatuta badago, bertan behera utzi mendiko txangoak eta ibilaldiak.
Etxean
• Kontuz ibili berogailu-sistema osagarriekin, estufa edo sutontziekin, istripurik gerta ez dadin.
Elurretan ibilgailuan harrapatuta geratzen bazara:
• Ez atera autotik denboraleak barruan harrapatu bazaitu. Ez ahaztu telefono mugikorra, eta bateria ondo kargatuta eduki.
• Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, tarteka airea berritu.
• Ez lo hartu. Tapakiren bat eskuratu, eta ondo jantzita egon.
• Larrialdietan deitu 112 telefono-zenbakira
Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.