Lehiakortasun eza ardatz, Laudioko Altzarrate eta Amurrioko Kaskagorri futbol taldeek emakumeen berdintasuna aldarrikatzeko eta genero indarkeriaren kontrako ibilaldia arautua antolatuko dute martxoaren 10ean.
Ibilaldiak Laudio eta Amurrio herrietako plazak lotuko ditu joan itzulizko ibilbidean Nerbioi Ibaiaren parke lineala baliatuta. 10:00etan abiatuko da, bai Laudiotik eta bai Amurriotik, bi norabideetan, eta Luiaondon jan-edana banatuko dute.
Izen emateak 5 euroko kostua izango du eta egunerako propio diseinatutako elastiko teknikoak banatuko dituzte.
Guztiak irabazle
Antolatzaileek ez dute ekimen lehiakorrik nahi, horregatik ez dituzte helmugara heltzen diren lehenengoak sarituko. Tarteko denborek izango dute saria, ibilbidea osatzeko batezbesteko denborak kontuan izanik.