AEK-k udalen laguntzaz euskara praktikan jartzeko sortutako ekimenetik “Berbalagun” talde bat gehiago bezala sortu zen “Berbabentura” ekimena Aiaraldean. Berbabenturak euskara eta kirola uztartu nahi zuten pertsonak elkartu ditu bi urtez hamaika kirol-ekintzetan: eskalada, espeleologia, piraguismoa....
Egitasmoak izandako harrera onaren aurrean, berbalagun talde lokal modura jaiotako proiektua Euskal Herri osora zabaltzea erabaki dute. “Kirola eta Natura” izenpean sei ekintzako egutegia osatu dute kirol aisialdian ere euskaraz gozatzeko.
Dinamikaren bultzatzailetako bat den Aaron Garmendiaren hitzetan, “zeozer berria egin nahi genuen, horregatik ekintza bakoitzari eskaintza kultural bat gehituko diogu, izan kontzertu bat edo museo batera bisita”.
Otsailaren 24an izango dute estreinako ekintza: Zigoitiako Mairulegorreta koba bisitatuko dute.