“Euskal kunbia” koktela osatu du Radio Revolucionek bere lehen diskoan

Txabi Alvarado Bañares 2018ko ots. 6a, 20:35

Makina bat kontzertu eskaini zituzten iaz Radio Revolucioneko kideek. / Ibon Ordoñez

Musika-proposamen berria  taularatu dute Radio Revolución taldeko kideek: “Euskal kunbia”. Urtebete daramate euren doinuak Euskal Herriko oholtzetan zabaltzen, eta gaur argitaratu dute euren lehen diskoa, Mauka disketxearekin: hamar abestiz osatutako cumbia, ska, chacarera eta reggae koktel berritzailea. Laudioko Hutsa tabernan eskuratu daiteke.

“Euskal kunbia” kontzeptua arrotza egingo zaio bati baino gehiagori, baina Radio Revolución musika taldeko kideek naturaltasun osoz batu dituzte bi hitz horiek. Euskal Herriko doinu eta instrumentuak Hego Amerikakoekin uztartu dituzte, erritmo eta energiaz beteriko proiektua osatuz.

Gaur aurkeztu dute taldearen lehen lana, Bilboko Bira kulturgunean:

Bideoklipa ere plazaratu dute gaur, diskoko abestietako bat ardatz hartuta:

Ibilbide luzeko egitasmoa da Radio Revolución. Jurgi Ibarretxek sortu zuen taldea Londresen bizitzen zegoenean, 2004. urtean. “Ska eta reggae doinuak jorratzen genituen batez ere”, oroitu du musikari laudioarrak, “maketa bat grabatu genuen, baina ez ginen argitaratzera iritsi”. Hala ere, ibilbide oparoa egin zuten: “Alemania zein Italiara joan ginen, eta jaialdi askotako oholtzetara igo ginen. Ingalaterra, Kolonbia, Mexiko, Italia edota Venezuelako musikariak igaro ziren taldetik, jende aldaketa handia izan zuen proiektuak”.

2012. urtean Ingalaterratik Hego Amerikara egin zuen salto Ibarretxek. Lau urte baino gehiago igaro zituen bertan, kaleko musikari gisa. “Kontinentetik bidaiatzen zebiltzan gazte asko ezagutu nituen, kalean musika jotzeaz, artisautza egiteaz edo malabarista gisa aritzeaz bizi zirenak. Bizimodu hori izatera animatu nintzen”. Doinu eta musika-estilo berriak ezagutu zituen horrela.

Itzulera
Laudiora itzuli zenean erabaki zuen Radio Revolución proiektua berpiztea, hainbat musikariz lagundurik: Matt -baxua-, Nico -perkusiolaria-, Will -gitarra-, Goñi -saxofoia eta klarinetea-, Anita -koroak- eta Borja -bateria-. Ibarretxe arduratzen da gitarra akustikoa jotzeaz eta abesteaz, Lander Otaola urduñarraren trikiti doinuez lagundurik.

Ezberdintasun ugari daude Londresen sortutako taldearen eta oraingoaren artean. “Cumbia eta chacarera doinuak gehitu ditugu, euskal kultura latinoamerikarrarekin uztartuz”.

Urtebeteko ibilbidea
Talde berriak iaz ekin zion kontzertuak eskaintzeari. Urtebete eman dute gelditu gabe, euren musika fusio berezia Euskal Herriko plazetatik zabaltzen. “Herri txikietan harrera gazi-gozoa izan da: ska abestiak jotzean jendeak dantzatu egiten du, baina Cumbia jotzen hasi garenean geldi geratzen dira edo reggaetoia dantzatzeari ekiten diote”, azaldu du Ibarretxek. “Bilbon izan dugu harrera onena. Bi kontzertu egin ditugu 7Katu Gaztetxean, eta Aste Nagusian Komantxe konpartsan eskaini genuen emanaldia izan da orain arte egin dugun onena”.

Udari so
Urtebeteko bidearen fruitua izango da gaur Mauka disketxearekin argitaratuko duten lana. Bederatzi abesti propiorekin eta Jo ta ke kantaren bertsio batekin atondu dute diskoa. “Arin arin bat ere entzun daiteke”.

Eta diskoa argitaratu ondoren, zer? “Gustatuko litzaiguke atzerrira ateratzea. Italiara joatea proposatu digute, baina ez dakigu ahal izango dugun”, argitu du Ibarretxek: “Ulertu dugu behetik hasi behar garela gure bidea eraikitzen”. Gauzak hala, uda Euskal Herriko oholtza batetik bestera igarotzeko asmoa dute, euren musika ezagutzera ematen jarraitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide