Aratusteak 2018

Mozorroek, irudimenak eta festa-giroak Aiaraldeko kaleak hartuko dituzte

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko ots. 8a, 12:27

Otsailaren 13rarte luzatuko dira ospakizunak. / Aiaraldea.eus

Inauteriak ospatuko dituzte asteburu honetan. Egitarau oparoa antolatu dute Aiaraldeko herri desberdinetan.  

Artziniegan gaur hasi dituzte aratusteak ikasleek burutu duten kalejirarekin. Larunbatean mozorro lehiaketa egingo dute frontoian 19:00etan, aurretik gazteenentzako musika eta animazioa egongo dira bertan. Egun berdinean, Goiko-Plazan tostada lehiaketari hasiera emango diote 18:30ean.

Astelehen eta asteartean ere presente egongo dira Artziniegan aratusteak. Otsailaren 12an jolas txokoa antolatuko dute frontoian goizez eta arratsaldez, eta otsailaren 13an 17:30ean ipuin kontaketa egingo dute Udal Liburutegian.

Orozko
Orozkon ostiralean, otsailak 9, arratsalde bete ekintza antolatu dute herriko gazteenentzako. 17:00etatik aurrera eskulanak, ipuin kontalariak eta txokolatada egongo dira Gaztetxokoan eta Donibane Aretoan.

Urduña
Urduñan ere mozorroak aterako dituzte kalera asteburuan. Larunbatean mozorro lehiaketa eta desfilea abiatuko dute 18:30ean erraldoi, buruhandi eta Akelarre txarangaren laguntzarekin. Sari banaketaren ostean diskofestari ekingo diote Foru Plazan. Otsailaren 11n Santa Zezilia bandak kontzertua eskainiko du Foru Plazan 13:15ean eta asteartean 17:00etan txokolatada antolatuko dute diskodantzak arratsaldea girotzen duen bitartean. Aratusteen egitaraua ixteko otsailaren 18an Getxa Goi txistulari taldeak kontzertua eskainiko du Foru Plazako karpan, 13:15ean.

Amurrion, "Kakarro Birigarro"
Amurrion “Kakarro Birigarro” mozorro lehiaketa antolatuko dute larunbatean. Desfilea 19:00etan abiatuko da Juan de Urrutia plazatik batukadaren erritmoan. Horrenbestez herriko taberna eta komertzioak mozorrotzeko lehiaketa martxan jarri dute. Bi lehiaketen sari banaketa larunbatean bertan egingo dute, 20:30ean, Juan de Urrutia plazan.

Otsailaren 13an Kakarroren erreketarekin emango diete agurra Amurrioko aratusteei. Hori 18:15ean izango da San Anton plazan; baina aurretik, 16:45ean, txokolatadak eta Dj Xaiborrek girotuko dute arratsaldea.

Laudion, sorgina protagonista
Laudion aurten ere Leziagako Sorginak hartuko du protagonismoa. Larunbatean 18:30ean abiatuko da Ugartetik sorginaren kalejira mozorrotutako dozenaka lagunek lagunduta. Kalejirarekin batera mozorro lehiaketari hasiera emango diote eta Herriko Plazan iragarriko dira irabazleak. Guztira zazpi kategoria egongo dira; karroza edota animazio ikusgarrienak sarituko dira, besteak beste. Jai giroak 22:00ak arte iraungo du plazan, DJ bat arituko da musika jartzen.

Otsailaren 13an agurtuko dute mozorro festa laudioarrek. 17:00etan haurrentzako parke puzgarria zabalduko dute Aldai Plazan eta 17:45etan Herriko Plazan haurrentzako animazio musikala eskainiko dute. 19:00ak aldera, Herriko Plazan ere, Leziagako Sorgina erreko dute txokolatada ostean, inauteriei agur esateko.

Laudioko Gazte Asanbladak eta Sorginlarren buruhandi mitologikoen elkarteak ere hainbat ekintza antolatu dute asteburua girotzeko. Otsailaren 10ean kalejira mitologikoa abiatuko dute Gaztetxetik 12:00etan, eta herriko hainbat gaztek parte hartuko dute bertan. Iluntzean festa nagusituko da Laudioko Gaztetxean gau osoan zehar.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide