“Ikasleok zorrotz!” dinamikaren Aiaraldeko taldea aurkeztu dute eskualdeko hainbat ikaslek. Atzo bilera irekia egin zuten Laudioko Gaztetxean horretarako. “Ikasleria aktibatzea” dute helburu. “Erreforma eta inpozisioen” aurka jardutea da euren asmoa, “hezkuntza sistema propio eta burujabe” baten alde. Hala azaldu dute Hala Bedi irrati libreari eginiko adierazpenetan.
“Borroka ezberdinen bozboragailu” izateko aspirazioa du mugimendu berriak, “denak hezkuntza sistema eraldatzeko borroka beraren parte direla” adierazteko.
Heziberri 2020 jomugan
Gogor kritikatu dute gaur egungo hezkuntza sistema: “Lan esku merkea, indibidualista, sumisoa eta akritikoa; hori da egungo hezkuntza sistemaren produktua. Eskolak sistema kapitalista heteropatriarkalak herritarrak bere zerbitzura hezteko fabrikak dira, jendartea bere moldeetan eraikitzeko trokela”. Prozesu horretan pertsonen arteko banaketa ematen dela salatu dute: “balio dutenen eta balio ez dutenen artekoa, motibazioa galdu behar dutenak desmotibatzeko…”.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Heziberri 2020 planari aurre egitera bideratuko dituzte indar gehienak.
Borroka eguna egingo dute horretarako, martxoaren 13an. Modu horretan jarraipena emango diete iaz plan horren aurka egin ziren mobilizazio eta ekimenei:
Harremanetarako email bat sortu dute: ikasleokzorrotz@gmail.com. Sare sozialetan ere kontuak zabaldu dituzte.